Errelebo bila dabilela jakinarazi du Ortuzabalek. Gaur egun bertako kide diren hiru lagunek –aurreko astean etorri zen laugarrena– askotariko proiektuak jarri gura dituzte martxan, eta Ortuzabala beste talde baten eskuetan utzi gura dute horiek egiteko. Eurek erabiltzen dituzten lurrak, tresneria zein bezeroak hartuko lituzkete berriek, eta baita euren laguntza ere. Ortuzabala proiektuarekin ikasi dutena berriekin partekatzeko prest daude, ezagutzaren transmisioa egiteko gertu.
Proiektu berriak sortu asmoz
Oñatin bertan egin gura dituzte proiektu berriak sortzez alemaniarra den Chiara Bockstahlerrek eta Jabi Salas madrildarrak. Baserri bana erosi dute, lurrak ere badituzte, eta lehen sektorearekin eta herritarrendako izango diren produktuekin dute lotura euren proiektu berriek, baina horiek martxan jartzeko denbora behar dutela diote, eta hori da Ortuzabala uztearen arrazoia. "Ortuzabala beste batzuendako aukera izango da, eta, aldi berean, proiektu berri batzuk jaioko dira, bertako produktu gehiago ekoizteko eta euren dibertsifikaziorako", dio Bockstahlerrek. "Gure aurretik beste batzuk egon dira hemen eta utzi duten gehienek ez dute utzi egitasmo berriak zituztelako, hau ekonomikoki ez delako oso eramangarria egungo bizimodu motarekin, hori ere esan behar da. Azken hamar-hamabi urteetan ez da proiektu berririk sortu bailaran, eta horrek zalantzan jartzen du sektoreak aurrera egin ahal izatea", gehitu du madrildarrak.
Hain zuzen ere, proiektuaz, lanaz, kezkaz edo etorkizunaz nork bere esperientziatik berba egiteko taldea dute duela urte eta erditik agroekologian lan egiten duten Debagoieneko taldeek, eta bertako parte da Ortuzabala. Maiztasun jakin batekin elkartzen dira.
Jarraipenaren alde
2011n sortu zuen gazte batek proiektua, eta herriko beste lauk jarraitu zuten harekin. Agroekologian beti, eta, ordutik, taldeko proiektu moduan, nahiz eta taldeko kideak aldatu egin diren urteak pasa ahala. "Eredu honek funtzionatzen du, baldin eta jendeak balioa ematen badio. Sistema hau kontsumitzaileekin batera doa aurrera, ekosistema zaintzen ari garen kontzientzia duten kontsumitzaileekin; epe luzera pentsatzea da agroekologia", azpimarratu dute.
Aurrerantzean ere horrela jarraitu gurako lukete egungo kideek: agroekologian lan eginda, taldean eta kontsumo lokalerako. "Guk erabiltzen ditugun lursailak ondoko baserritarrek utzitakoak dira, baina modu horretan lantzeko baldintzarekin, eta hori izan ezean eurekin hitz egin beharko lukete datozenek eta akordio berria adostu", zehaztu dute.
Otarreak, jatetxea, azoka...
Guztira hektarea bat lur dute: mila metro karratu berotegi barruan, eta kanpoan gainerakoak. Lurrekin batera, hura lantzeko erabiltzen duten tresneria –traktorea, aitzurrak...– zein egindako azpiegiturak –ureztatze sistema– hartuko lituzkete kudeatzaile berriek proiektuarekin jarraitzeko. "Haiek egokituko dute, gero, euren neurrira. Egun, adibidez, 22 otarre banatzen ditugu astero, baina bikoitza ere banatu izan dira", dio madrildarrak.
Otarreaz gain, zapatuetan berdura plazan egiten den azokan izaten dira, herriko jatetxeetara eta tokiko dendetara eramaten dituzte barazkiak eta soroaren ondoan postu txiki bat dute jarrita –Berezaon–, paseoan dabiltzan herritarrek barazkiak bertatik bertara eros ditzaten. Kontserbak ere egiten dituzte soberakinak dituztenean, adibidez. Horrelakoetan, barazki-pureak egiten dituzte, eta ortuan produktu fresko gutxi dagoen sasoian kontserbak sartzen dizkiete bezeroei otarreetan. Egun, landatuta dute udarako uzta: tomatea, piperrak, lekak, kalabazinak, letxugak, errefauak, pepinoak... Eta udazkenekoak landatuko dituzte gero; kalabazak, esaterako. Sasoi horretan batuko dituzte asko, baina negurako ere geldituko zaizkiela uste dute, eta datorren taldeak hartzeko geldituko dira.
Kudeatzaile berriak 2027ko urtarrilean hastea gurako lukete egungoek. Harremanetarako bideak: ortuzabala@gmail.com edo 722 67 45 35.