HEMEN DEBAGOIENA

Corpus-prozesioko protagonistak pozik eta hunkituta agertu dira honek utzitakoarekin

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 8a

Beste urte batez lepo bete ziren Oñatiko kaleak Corpus-prozesioa ikusteko. Protagonistak pozik eta hunkituta agertu ziren egunak utzitakoarekin. Aurten, gainera, hainbat partaide berri izan ditu prozesioak.

Egubakoitzean hasi zituzten Corpusetako ospakizunak oñatiarrek. Hiru egunez musika eta dantza izan dira protagonista herrian, baina, atzo ospatu zuten Corpus Eguna da egun guzti hauetan esanguratsuena. Urteroko gisan, Corpus-prozesioak hartu zituen goizean goizetik herriko kaleak, eta eguraldi ona lagun izanda, herritarrek ez zuten hutsik egin.

Goizeko lehen ordutik martxan

Ohiko moldetan heldu zen Corpus Eguna Oñatira, eta goizeko lehen ordutatik martxan izan ziren ekintza ezberdinak. Txistulariek izan zuten egunari irekiera emateko ardura, goiz-eresiarekin. "9:00etan eman diogu hasiera egunari, goiz-eresia jotzen, eta hemen izango gara eguna bukatu arte", azaldu zuen Aita Madina txistulari taldeko Lander Diaz de Gereñuk. "Egun berezia izaten da. Guretzat lan handia da, baina urtean zehar prestatutakoak gaur kaleratzen ditugu. Gainera, kanpoan bizi diren txistulariak ere etortzen dira gurekin jotzera, eta guretzat plazer bat da", gaineratu zuen txistulariak.

Oñatiko Musika Banda da Corpus egunari soinua jartzen dion beste taldeetako bat. Hauek ere goiz-eresia egin zuten Oñatiko kaleetan barrena, eta hauek Etxaluzera heltzearekin batera, lehen Santuak irten dira kalera, zehazki, Agerrena etxetik. "Guretzat urteroko zerbait da. Txikitatik ezagutu ditut, eta tradizio moduko bat da. Hemen elkartzen gara, eta ikusten egoten gara. Berezia izaten da", azaldu zuen Agerrena etxeko Mikel Aberasturik. Aitor Madinak izan ohi du Agerrena etxetik irteten diren santuetako bat eramateko ardura. "Esperientzia oso tradizionala da. Urte asko goaz santua eramaten, eta hori da finean, tradizioa", azaldu du. Santu guztiek hartu dute poliki-poliki Parrokiarako bidea, dantzarien laguntzarekin.  San Migel izan zen azkena irteten. Urteroko legez, udaletxetik irten zen, hainbat pertsonaren laguntzarekin, tartean, Horazio Argarate parrokoa edo udalbatzako kideak, zehazki, EAJ alderdiko kideak. Irudia parrokiara eltzarekin batera eman zioten hasiera mezari.

Prozesioa, egunaren muina

Goraino bete zen San Migel parrokia Corpus eguneko meza entzuteko. Dantzariek ere ez zuten hutsik egin, eta ohiko erritua jarraituta, bertan izan ziren dantzan. Bien bitartean, Santa Ana antzokian eguneko beste une berezi bat eman zen. Bertan jantzi ziren San Migel, Jesus eta apostolu guztiak, oñatiar askoren begiradapean. "Bi aste lehenago egiten dugu proba orokorra, San Migeli armadura zela geratzen zaion ikusteko. Egunean bertan momentuko estres hori izaten dugu, denbora gutxi izaten dugu eta dena ondo enkajatuta joan behar da. Garrantzitsuena bera eroso egotea da, bi ordu egin behar ditu pisu askorekin, eta kalean eroso egon beha da", azaldu zuen Kofradiako kide Mirari Zilaurrek.

12:00etan eman zioten hasiera prozesioari. Ohi bezala, Kofradiako kideek gidatu zuten, eta musika bandak, txistulariek, dantzariek, santuen irudiek, hamabi apostoluek, Jesusek, abadeek udalbatzako kideek eta parrokiako gainerako laguntzaileek egin dzuten plazarainoko bidea. Txiki eta estu gelditu ziren Oñatiko kaleak, prozesioa ikustera hurbildu ziren herritarren eraginez.

Plazako ekitaldiarekin eman ziote amaiera prozesioari. Santuen irudiek beraien lekua hartu ostean, eliz-pertsonek San Migeli eskeinitako aldarea gurtu zuten. Dantzariek ere izan zuten tartea dantza egin eta aldarea gurtzeko. Nola ez, San Migelek bere ohiko erreberentzia ere egin zuen, lepo betetako plazaren aurrean.

Goizak utzitakoarekin pozik gelditu ziren protagonista guztiak. "Ondo joan dela esango nuke. Zuzeneko lana da, eta bakoitzak bere paperetik ahal duena egiten du. Eguraldi ona egin du, ez du euririk egin, hori da beti eskatzen duguna, eta beroa ere ez da gehiegizkoa izan. Ondo egon da, beti egoten dira desfase batzuk, baina hori normala da, beraz nik ondo ikusi dut", azaldu zuen Kofrdiako kide Josu Amondarainek. Dantzarien kapitain lanetan ibili zen Ane Irazabal ere pozik agertu zen: "Uste dut orokorrean ondo joan dela. Bero egiten zuen, baina, ondo joan delakoan nago. Gustura gelditu gara guztiak, beraz pozik gaude".

Partaide berriak

Prozesioaren formak ohikoak izan ziren arren, partaide berriak gehitu zitzaizkion. Kepa Urrestarazu, esaterako, lehenengo aldiz irten zen San Migel bezala. Hunkituta agertu zen prozesioaren ostean: Oso polita izan da, oso hunkigarria. Lehen aldia izan da niretzat, eta oso esperientzia polita izan da". Ruben Vaz izan zuen bidelagun Urrestarazuk, Jesus bezala. Honentzat ere lehen aldia izan zen, eta pozik agertu zen emaitzarekin: "Polita izan da, eta oso gomendagarria. Denon artean ondo irten da. Herria pozik dago, eta gu ere bai".

Dantzarien artean ere aurpegi berriak ikusi ziren. Lau dantzarik izan zuten prozesioan lehenengoz irteteko aukera: Ane Pelayo, Xabier Agirre, Julen Agirre eta Unai Izura. "Esperientzia ederra izan da, bero asko egin du, baina asko disfrutatu dugu", azaldu zuen Izurak.

Erlazionatuak

Corpus-prozesioa, argazkitan

Gontzal Belategi Zubia eka 07, 17:33 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak