HEMEN DEBAGOIENA

Elene Aldekoa eta Ane Isasisasmendi: "Herrietako klubetan egiten den lanak ematen dio zentzua ostean datorrenari"

Mireia Bikuña 2026ko ekainaren 5a

Ane Isasisasmendik (Oñati, 2007) eta Elene Aldekoak (Oñati, 2007) Lehenengo RFEF Mailan jokatuko dute irailetik aurrera. Realarekin eta Athleticekin igoera lortu dute, hurrenez hurren. Beraz, 2026-2027ko denboraldiko bi derbietan elkarren kontra jokatuko dute

Igoerak beti dira pozgarriak, eta zuenak ere halakoak izan dira. Baina dagoeneko kontziente zarete hurrengo denboraldian aurrez aurre izango duzuenaz?

Elene Aldekoa: Emakumezkoen futbolaren bigarren maila nagusia da, horrek dakarren guztiarekin. Erronka izango da, gustagarria bezain konplikatua; baina uste dut disfrutatu ere egingo dugula. 

Ane Isasisasmendi: Maila zaila izango da. Jokatzeko modua asko azkartzen da, eta, gainera, F Ligan dauden talde askoren filialak daude maila horretan. Gu ere filialetan gaude, baina gurekin egongo dira Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Osasuna... eta baita F Ligatik jaitsi diren Alhama eta Levante. Ondo dakite futbolean jokatzen, eta erronka zaila izango da. Errespetua izan behar zaio maila horri, baina beldurra ez. Gogotsu gaudela esango nuke. 

Denboraldiko helburua mailaz igotzea zen?

E.A.: Hasieratik ikusi genuen talde indartsua genuela, eta zehaztu genuen helburu moduan Lehenengo RFEF Mailara igotzea. Denboraldiak aurrera egin duen heinean taldeak ez du erritmoa jaitsi, eta igoera lortzeko lan egin dugu. Itzela izan zen Madrid CFFri irabaztea, igoera berresteko.

A.I.: Gure kasua oso bestelakoa izan da. Talde gaztea daukagu, eta ez nuke esango hasierako gure helburua igoera zenik. Baina goiko postuetan egon gara ia denboraldi osoan, eta igoerako play-off-erako sailkatu ginen. Ostean, Badalonaren kontrako finala izugarria izan zen: han 4-1 galdu eta Zubietan emaitza irauli genuen. Penaltietan lortu genuen txartela, eta sari potoloa dela esango nuke.

Ze ezaugarri ditu zuen taldeak?

E.A.: Talde berean jokatzen dugun jokalariak gara, baina lagunak gara. Oso inportantea da aldamenean dagoen jokalariarekin konfiantza izatea. Edozertarako hor dagoela jakitea. Markatutako bidetik joan gara guztiak, eta hori oso inportantea da, nire ustez. Are gehiago, kontuan hartuta lehenengo urtea nuela Athleticen.

A.I.: Talde sendoa garela esango nuke. Talde-izaera oso barneratuta daukagu, lagunak gara, eta konfiantza handia daukagu geure buruarengan. Badalonan 4-1 galdu ondoren, itzulerako bidaian kanporaketari buelta emateko aukeraz hitz egiten genuen denok, jokalariok eta arduradunek. Bagenekien oso zaila zela, baina konfiantza handia genuen. Ez dugu erraz amore ematen. 

Aloñan hasi zineten biak, eta, ostean, 14 urterekin bide ezberdinak hartu zenituzten. Nola eta zenbat aldatu zarete ordutik?

E.A.: Asko. Ume nintzela joan nintzen Eibarrera, eta jokalari moduan eta pertsona moduan asko aldatu naiz. Futbolaz asko ikasi dut Eibarren eta Athleticen. Azpiegitura sendoak dituzten klubak dira, eta horrek asko laguntzen du. Baina pertsona moduan hazi egin naiz. Izan ere, 14 urterekin beste klub batera joan nintzen, horrek dakarren guztiarekin.

A.I.: Iritzi berekoa naiz. Gaineratuko nuke beste klub batera joateak baduela beste ikasketa bat: leku berrian jokalari beteranoekin bat egiten duzu, ia profesionalak direnekin, eta asko ikasteko balio du horrek.

Elene, atezaina zara, eta Ane, hegaleko jokalaria. Derbietan aurrez aurre egongo zarete eta, gainera, kuadrilla berekoak zarete. Nola kudeatzen da hori guztia?

A.I.: Moldatzen gara. Futbol zelaian gaudenean nor bere lekuan dago. Hainbat aldiz jokatu dugu elkarren aurka, eta askotariko emaitzak izan ditugu. Bat baten kontra egon garenetan sartu dizkiot gol batzuk.

Ane, nolako atezaina da Elene?

A.I.: Hankekin duen jokoa oso ona da. Teknikoki, mailako onenetakoa dela esango nuke. Haren jauzia ere azpimarratuko nuke; izan ere, oso altua ez izan arren, atearen edozein aldetara iristeko gai da.

Elene, ze ezaugarri ditu Anek?

E.A.: Oso jokalari azkarra da, eta argia ere bai. Elkarren kontra jokatzen dugunean badaki zeintzuk diren nire ahuleziak, eta horren bila joaten da.

Azkoagainen elkartu zaituztegu. Ze oroitzapen dituzue?

E.A.: Hemen hasi ginen. Aloñan. Pozik etortzen ginen. Hasieran, neska gutxi ginen, baina ostean etorri zen emakumezkoen futbolaren gorakada. Azkoagain gure etxea da.

A.I.: Herrietako klubek egiten duten lana ezinbestekoa da, gero beste talde batzuetarako jauzia emateko. Lan horrek ematen dio zentzua ostean datorrenari. Guri Aloñak zabaldu zigun futbolean hasteko bidea, eta ondoren etorri ziren beste aukerak.

Lehenengo RFEF Mailatik F Ligara pauso bakarra dago. Gertu ikusten duzue aukera hori?

E.A.: Gertu bezain urrun dago. Maila profesionala da hori, eta heltzea oso zaila da. Punta-puntako jokalariak daude, baina auskalo... Hurrengo pausoa litzateke talde nagusiaren dinamikan sartzea: nola entrenatzen diren ikusi, egunerokoa partekatu...

A.I.: Iaz egin nuen denboraldiaurrea talde nagusiarekin. Ikasteko balio du, guretzat erreferente diren jokalariak ezagutzeko, dinamikan sartzeko... Baina talde nagusiko jokalari izatea beste kontu bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak