Neutraltasunak eta adierazpen askatasunak hartu dituzte osoko bilkurako minutu gehienak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko ekainaren 2a

Maiatzeko osoko bilkuran.

Espazio publikoaren neutraltasuna eta garbitasuna bermatzea eskatu du Oñatiko EAJk maiatzeko osoko bilkuran mozio bidez, eta gai horrek hartu ditu bilkurako minutu gehienak, bestelako iritzia agertu dutelako EH Bilduko zinegotziek. Udal Gobernuarendako adierazpen askatasuna bertan behera uztea eskatzea da hori, eta horrek kezkatu egiten dituela adierazi dute.

Alderdi jeltzalearen esanetan, espazio publikoa herritar guztien ondare partekatua da eta herri osoari eragiten dio. Eraikin instituzionalak, kaleak, plazak, fatxadak, hormak estalpeak, barandak zein petrilak espazio horren parte ikusten ditu eta horiek zaindu, errespetatu eta mantendu egin behar direla deritzo, kontrara, inpaktu estetikoaz harago, inpaktu soziala eta ekonomikoa eragiten duelako. Gehitu du espazio publikoak neutraltasuna errespetatu behar duela eta ezin dela aldebakartasunez erabili herritartasun osoa ordezkatzen ez duten jarreren erakusleiho moduan, are gehiago, sare sozialek edozein iritzi komunikatzeko aukerak zabaltzen dituztenean.

Udal Gobernuari baina, kezka sortzen dio eskaera honek txukuntasunetik baino beste nonbaitetik ez ote datorren jakiteak eta larria deritzo EAJko horrelako eskaera bat aurkeztea 2026an. Era berean, neutraltasuna zer den ere galdetu du, sare sozialak, adibidez, neutroak ez direla gaineratuz. EH Bildukoen esanetan, neutraltasunaren izenean kalean ezin dela adierazpenik egon da jeltzaleek proposatzen duten, "Frankismoan adierazten zen moduan", eta guztiz kontrakoa da gertatu behar dena; adierazpen askatasuna herritarrek duten eskubidea da. 

Ez da lehen aldia EAJk gai hau mozio bidez ekartzen duena. Duela bi urte ere eskatu zuen txukuntasuna, joan den urtean ondare historikoan eta patrimonioan jarri zuten fokua eta oraingoan, herriko espazioak neutroak izatea eskatu dute. Baita edozein mehatxu edo irain jasotzen dituzten mezuak gaitzetsi eta kendu behar direla eta indarrean dagoen udal ordenantza bete behar dela.Udal Gobernuak erantzun du esaten mezu horiek salbuespenak direla baina kentzen direla, eta araudiari buruz, ordenantza aldatu beharrean dagoela gehitu zuen. Egungo ordenantza 1989koa da eta gaurko garaietara zaharkitua dagoela. Horren adibide moduan jarri du ordenantzan datorrela pankarta bat jarri aurretik Udalari baimena eskatu behar zaiola zer mezu jasoko duen. Udal Gobernuak uste du hori jasotze hutsa ere adierazpen askatasunaren kontra joatea dela, Udala ez dela herritar baten aldarrikapen mezu horren egokitzapena egin behar duena ez badu inor mehatxatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak