1969an joan ziren lehen auzotarrak Errekaldera bizitzera. Baina 1974an oraindik lan asko gelditzen ziren egiteko, eta, "Udalak aurrerabiderik ematen ez zuela ikusita", auzotarrak elkartu eta eurek egitea pentsatu zuten; denen artean egindakoak dira, esaterako, Errekaldeko berdeguneak. Eta testuinguru hartan egin zituzten, lehenbiziko aldiz, auzoko jaiak ere, hamarkada haren amaieran. "Kaleko gazteak, baserritarrak zein Oñatira lanera kanpotik etorritakoak bizi ziren hemen orduan, eta harrigarria da benetan denek bat nola egin zuten ikustea. Saiatzen ginen denondako ekitaldiak antolatzen, eta auzotar guztiek hartzen zuten parte jaietan", dute gogoan Migel Anjel Kortabarriak eta Ana Madinak.
Eskerrak emateko omenaldia
Egindako "lan handia" eskertzeko, omenaldia egingo diete maiatzaren 31n: ia 30 lagunek eman dute dagoeneko izena bazkarirako. Bi edo hiru belaunaldi horien arteko transmisioak, bidenabar, argazki zaharrak batzeko ere balio izan die egungo batzordekoei, eta argazki zaharren erakusketa egongo da ikusgai aurtengo jaietan, kontzertuekin, mus eta toka txapelketekin eta beste ekitaldi batzuekin batera.
Gainera, lehengoek erabiltzen zuten irudia eta oraingoena fusionatu egin dituzte, eta irudi berri bat egin; eta hori ikusten den banderatxoak atera dituzte balkoietan jartzeko. "Eurei eta egungo laguntzaileei ere eman gura dizkiegu eskerrak jaiak
antolatzen emandako laguntzagatik", gehitu dute batzordean dauden Garazi Amilletak eta June Barrenak.