Muntaketa lanetan dihardute buru-belarri. Karparen itxitura guztiak ondo finkatu, argi eta soinu probak egin eta dekoratua, trapezioa eta zirkuko gainerako osagai guztiak ondo jarrita daudela ziurtatu behar dute emanaldiei hasiera eman aurretik.
Hemezortzi lagunek osatzen dute lantaldea eta gehienak ari dira muntaketa lanetan. Oñatiarrak ere gogoz daude Gure Zirkuaz gozatzeko. Asko dira goizean ez bada arratsaldean bisitan joaten direnak lanak zelan doazen ikusteko
Hiru astez Oñatin
Emanaldiekin hasi aurretik erabaki dute Oñatiko egonaldia luzatzea. Sarreren aurre-salmenta oso ondo joan da eta Oñatiarrek eta debagoiendarrek ez dute gutxiago merezi. "Debagoienean beti egiten dugu lan oso ondo. Ez dakit zirku zaletasuna, kultura edo zer den, baina hona gatozenean harrera ikaragarria izaten da beti. Hiru bat asteburutan launa emanaldi jarrita nahikoa izango zelan pentsatu genuen, baina motz gelditzen ari dela ematen du eta luzatu egin dugu. Hurrengo herria Bermeo da eta Bermeokoekin hitz egingo genuen eta esan genien astebetetxo bat beranduago joango garela Oñatin luzatu egingo zaigulako", esan du Zure Zirkuko Iker Galarzak.
Bermeon, hortaz, itxaron egin beharko dute. Bederatzigarren bira du Gure Zirkuak. Bidean ikasitakoak ez dira gutxi izan: profesionalizatu egin direla eta ikuskizunari erritmo eta ikusgarritasun handiagoa ematen ikasi dutela esan du Galarzak. Argi dago asmatu egin dutela.
24 sarrera Goienakideen artean zozketatzeko
Goienakideendako ere bada Gure Zirkoa eta Gure Zirkuko lantaldeak 24 sarrera eman ditu Goienakideen artean zozketatzeko. Goienak binaka banatuko ditu zozketarako izena ematen duten Goienakiden artean.
Interesatuek Goienakideen Txokoan eman behar dute izena. Hainbat aukera daude. Goiena aplikaziotik sar daiteke Goienako webguneko Goienakideen zozketen atalean. Beste aukeren artean daude Whatsapp edo Telegram bidez mezua bidaltzea – 688 69 00 07 zenbakira Gure Zirkua idatzita–, edo goienakide@goiena.eus helbidera mezua idaztea.
Oraindik ez bazara Goienakide, egin zaitez kide eta animatu parte hartzera!
Gainerakoan, sarrerak salgai daude gurezirkua.eus atarian. Bien bitartean Galarzaren lantaldeak lanean jarraitzen du karpa azpian dena prest egon dadin egubakoitzerako; orduan piztu dira-eta, magia egiteko, Gure Zirkuko argiak.