Kontzertuak antolatzen dituen Italiako agentzia batentzat egiten du lan Tommaso Galatik (Catania, Sizilia, Italia, 1973), baina Santa Anako soinu-teknikaria ere bada, eta hantxe, eserleku batean eserita, izan du solasaldia GOIENArekin.
Nolakoa da Catania?
Historia handiko hiria da; 500.000 biztanle izango ditu. Mediterraneoaren erdian dagoen uharte bat da, eta horregatik, greziarrak, erromatarrak, arabiarrak, espainiarrak... denetarik joan da hara. Kolore eta zapore nahasketa handia dago. Etna aktibo dagoen Europako sumendirik altuena da. Hara joan eta elurretan egon zaitezke itsasoari begira. Gastronomia tradizio handia dago. Hemen oso ondo jaten den arren, faltan igartzen dut.
Zein da gastronomia tradizio hori? Askok pizzarekin eta pastarekin lotuko dute.
Arraina eta gozogintza. Pasta eta pizza etxean ere egin ditzaket; badaude egiteko plater zailagoak.
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
80ko hamarkadan Catania hiri gatazkatsua zen, mafiagatik. Kalean egunero gatazkak zeuden. Ez zen hiri segurua. Orain, neskatila bat Oñatin heztea luxua iruditzen zait. Nire alaba ikastolara bakarrik joaten da 7 urte zituenetik. Nire anaiak zaharragoa den alaba dauka, eta, oraindik, eskolara lagundu egin behar dio. Asko eskertzen da hemengo segurtasuna eta lasaitasuna, alde horretatik.
Noiz arte bizi izan zinen han?
23 urtera arte. Erroman eta Parisen bizi izan naiz, lanagatik. Gaur egungo bikotekidea oñatiarra da, eta hura ezagutu nuen. Madrilen bizi zen, baina Erromara joan ginen. Handik Donostiara, eta gero, Oñatira. Hortaz, zergatik etorri nintzen galdetzen badidazu, maitasunagatik izan zela esango dizut. Kasualitatez etorri ginen. Nire alaba jaio zen, eta hemen geratu gara. Oso gustura gaude. Duela 13 urte etorri nintzen.
Zer eman dizu Oñatik?
Mendizale bihurtu naiz [Barre]. Paseo asko egiten ditut lagunekin, bizikletan ibiltzen naiz... Sekulakoa da hemengo ingurumena. Herri txikiago batetik gustatzen zait jende askorekin harremana izatea. Erraza da ezagun batekin topo egin eta hitz egitea. Hori asko baloratzen dut. Hiri handi batean lasai ibili zaitezke, inorekin topo egin gabe.
"Oñatitik gustatzen zait jendearekin harremana izatea; erraza da ezagun batekin topo egitea"
Erraz egokitu zara?
Zortea izan dut, musikaria naizelako. Gerora lagun bihurtu diren musikariak ezagutu ditut hemen. Eltzia taberna kudeatu nuen beste lau lagunekin, eta jende pila ezagutu nuen. Santa Ana antzokiko soinu-teknikaria naiz, eta horrek ere ate asko zabaldu dizkit. Zortea izan dut, nire alabaren ikaskideen gurasoekin ere harreman oso ona sortu dugulako.
Zailtasunik izan duzu?
Ziurrenik, hizkuntza. Hori izan da iragazki nagusia. Euskara ikasi dut, baina, hasieran, nire lagunak euskaraz hasten ziren hizketan. Saiatzen nintzen, baina ezin nituen elkarrizketak jarraitu. Orduan, gaztelaniaz hasten ziren, baina hori ez zitzaidan gustatzen. Haientzat esfortzua zen, eta ez zen naturala. Euskaraz hitz egiteko eskatzen nien.
Ezberdintasun kulturalik badago?
Antzekotasunak meridiano horizontalean daudela esango nuke. Ni Siziliakoa izanik, Italia iparraldeko batekin konexio gutxiago dauzkat andaluziar batekin baino. Gertutasun handiagoa daukagu janari, ohitura eta bizitzeko eragatik. Euskal Herriak Italia iparraldea gogorarazten dit. Klima aldaketa ere badago. Euskal Herrian euri asko egiten du, baina ikasten duzu hainbeste gustatzen zaizun berdetasun horri jaten eman behar zaiola.
Ohiturarik mantentzen duzu?
Ez daukagu horren kultura ezberdina. Nire amak baditu zenbait ohitura; adibidez, Pazko Egunean. Han txokolatezko arrautzak dira tipikoak, eta beti bidaltzen digu zerbait.
Alabak badaki zure sustraiez?
Bai; urtean pare bat aldiz joaten gara. Familia dugu han. Euskara eta gaztelania badakizki, baina nik betidanik italieraz hitz egin diot. Primeran ulertzen dit. Duela gutxira arte, gaztelaniaz erantzuten zidan, baina orain askatu da eta italieraz erantzuten dit. Hizkuntzak jakitea aberasgarria da, eta ateak zabaltzen ditu.
Jendea harritu egingo da kalean zuek italieraz entzutean.
Normalean, bai. Alabari lagunek eskatzen diote niri italieraz egiteko, ze soinu duen jakiteko.
Euskararekiko kuriositatea hasieratik
Aitortu du hasieran "frustratu" egin zela euskara ikasten: "Nik euskara batua ikasi nuen, eta kalean hizkuntza paralelo bat entzuten duen, oñatiarra. Asko lagundu zidan irakasleak".
Euskaldunak, praktikoak
Hona etorrita, onerako eta txarrerako, "talka kulturala" izan zuela dio: "Hemen oso praktikoak dira. Egin dezaket edo ez. Terapia izan zen. Italian beti esaten da: 'Ikusiko dugu; agian, lortuko dugu'. Baina hemen ez dago halakorik".
Etxean bezala sentitzen da Oñatin: "Zortea izan dut, hemen familiak beso zabalik hartu nauelako. Nire aita-amaginarrebez ari naiz; haiek guztia errazago egin dute".