Domekan egingo du Ganbara Faktoriak 2026ko bazkide kontzertua, 'Atzera begira' izenarekin

Gontzal Belategi Zubia 2026ko maiatzaren 11

Ganbara Faktoriako kide Biain, Murua eta Urizar gaurko agerraldian.

Ganbara Faktoriak 2025eko jardunaren balorazioa, 2026rako dituten aurreikuspenak eta domekan, 'Atzera begira' izenpean egingo duten bazkideentzako kontzertuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Agerraldia egin du Ganbara Faktoriak, Oñatiko Errekalde auzoan duen lokalean, herritarrei 2025eko jardunaren balorazioa, 2026rako dituten aurreikuspenak eta Atzera begira izenarekin domekan egingo duten 2026ko bazkide kontzertuaren berri emateko. Bertan izan dira Ganbara Abesbatzako lehendakari Naiara Urizar, Hots Abesbatzako eta Ganbara Faktoriako lehendakari Arantzazu Murua eta Ganbara Faktoriako zuzendari artistiko eta musikal den Aitor Biain.

Atzera begira

Finantzaketa publikoaz gain, bazkide eta lagunek Ganbara Faktoriaren finantzaketan duen garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean zehar, hauek gabe, faktoriaren jarduna ia ezinezko izango zela azalduz. Egun 120 inguru dira ekarpena egiten duten herritarrak, eta hauek hainbat hobari jasotzen dituzte, adibidez, deskontuak eta sarrerak.

Eskerrak emateko, beste urte batez, bazkide kontzertua egingo dute. Domeka honetan izango da, Oñatiko Mikel Goiaingeruaren Parrokian, 19:00etan hasita. Atzera begira izena jaso du kontzertuak, oinarrian, Ganbara Faktoriak urte guzti hauetan konpositore ezberdinei eskatu dizkien lanak daude eta. Osotara, 60 lan inguru sortu dizkiete faktoriako talde ezberdinei urte guzti hauetan, eta hauetako batzuk entzuteko aukera egongo da emanaldian. Bazkide ez diren herritarrei ere gonbita luzatu diote, eta sarrerak txokolaterixan eta oñati.eus atarian salgai daudela nabarmendu, zortzi eurotan. 

2025 oso emankorra

2025eko jardunaren balorazio bat ere egin dute agerraldian. 2025a ohi baino urte emankorragoa izan dela azpimarratu dute, 70 ekintza inguru egin zituzten eta. "Urte potentea izan zen, kontzertu asko izan genituelako. Ganbara zein Hotseko kideak nazio mailako hainbat ziklotan izan ginen emanaldiak eskaintzen. Batez ere, Luminiscence proiektua izan genuen, Donostiko katedralean egin zen ikus entzunezko proiektu handi bat. Ganbara abesbatzako kideak hamar aldiz joan ginen bertara, eta 20 aldiz egin genuen proiektua. Horrek ekintza kopurua handitu zuen. Hala ere, talde bakoitzak bere lana du, urteko bere funtzioa, eta osotara 70 ekintza egin zirela uste dut, lau taldeei begira", azaldu du Aitor Biainek.

2026rako aurreikuspen onak

2026ra begira, aurreikuspenak onak direla azaldu dute aurkezpenean, eta "ohikoagoak" izango diren arren, hainbat ekintza izango direla. Oñati Gure Herria izeneko kontzertu bat egingo dute eta Ganbarak zein Hotsek lehiaketa ezberdinetan hartuko dute parte. Berrikuntzak ere izango dira, esaterako, Sokaz soka izeneko haur eta gazteen arteko topaketak edo Bethovenen 9. sinfonia oinarri duen kontzertu didaktiko bat.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak