Bizipoza Eskolaren balioak lantzen ibili dira Oñatiko ikastetxeetan bukatzear dagoen ikasturte honetan, eta aste honetan, eguaztenean, bistaratu dute egitasmoari lotuta egin duten horma-irudia.
Zuhaitz koloretsua
Eltziako fatxada koloretsua egin zuten egile berek egin dute horma-irudi berria eraikin hartako pareta batean, pump-truck gunea dagoen aldetik. Zuhaitz baten itxura dauka, eta koloretsua da. "Bizipoza egitasmoaren lanketan ikastetxeetako gaztetxoek egindako hausnarketak eta ulermenak islatu dituzte irudian. Hosto koloretsuak eta arrama asko dituen zuhaitz bat da, denon artean abonatu behar duguna", dio Oñatin egitasmoa koordinatzen ibili den Txatxilipurdiko kide Oneka Anduaga Garai oñatiarrak. Hiru ikastetxeetako LH4 eta LH5 mailetako ikasleek euren esku-markak utzi dituzte irudian.
Hainbat eragile
Gizarteko hainbat eragilek osatzen dute Bizipoza egitasmoa, eta, umearen eta familiaren ongizatea erdigunean jarrita, Munduak guztiontzat beharko luke lelopean lantzen dituzte gaiak eta balioak. Horrela, Bizipoza osatzen duten elkarteek gizartearen ertzetan dauden gaiak jorratzen dituzte, hala nola, aniztasun funtzionala, familia-aniztasuna, sexu-orientazioa, gaixotasunak, heriotza, identitatea, genero-rolak, kultura-aniztasuna...
Oñatin herriko hainbat eragileren eskutik landu dute gaia, eta horietako ordezkariak egon dira astean erakutsi duten horma-irudiaren aurkezpenean: Oñatiko Txingurrixak, Hotz Oñati, Galuha, Elkar Zainduz, Laura eta Maria herritarrak, Harrera Familien Elkartea, Trauti eta Erei. "Ikastetxe bakoitzak erabaki du zein mailatan eta nola egin lanketa. Hori horrela, eragile horietako batzuk, adibidez, gela batean baino gehiagotan egon dira hitzaldiak egiten eta euren errealitatea gaztetxoei azaltzen", azaldu du Anduagak.
Arautuan eta ez-arautuan
Bizipoza elkartea Euskal Herri mailako elkartea da, nahiz eta Gipuzkoan ezagunagoa izan. Haren helburu nagusia da "denona eta denontzat beharko lukeen Euskal Herri inklusiboa eraikitzea, euskaratik eta euskaraz". Horretarako sortu zuten Bizipoza Eskola. Fagor kooperatibaren 80.000 euroko ekarpen ekonomiko bati esker, Gizabidea Fundazioak eta Txatxilipurdi elkarteak dinamizatu dute egitasmoa Debagoien osoan; ikasturte honetan, baita Oñatin ere. "Hezkuntza arautuan eta ez-arautuan aurkeztu dugu egitasmoa, eta hezitzaileekin lana egiten duten zerbitzuetan ere bai; gaztelekuan, adibidez. Izan ere, Bizipoza egitasmoa osatzen duten eragileek eurek sortzen dute bakoitzaren gaia lantzeko materiala. Herritarren eskura jartzen dute hori, eta horren berri ematen aritu gara, eurek ere ezagutu eta erabili dezaten".
Hasieraren jarraipena
Fagorren laguntzarekin egitasmoaren zabalkundea eta lanketa egin dute bailaran; Oñatin, bertako Udalarekin hitzarmena lortu zuten, horma-irudia egiteko laguntza bermatzeko. Orain, nola jarraitu erabakiko dute.