Partidu parekatu eta oso gogorra jokatu dute Aloña Mendik eta Aretxabaletak. Oñatiarrek bazekiten hiru puntuak lortuta ere ez zutela igoera ziurtatuko, baina irabazi egin gura zuten, eta horretan ahalegindu dira partidu osoan zehar. UDAk baino hobeto jokatu dute, eta gol aukera garbiak sortu dituzte: lau erremate joan dira langara. Baina, baloiak ez du atean sartu gura izan.
Aretxabaletak ondo defendatu du, partidu osoan zehar. Bereziki, bigarren zatian, Aloñak lerroak aurreratu, eta etengabeko erasoan jokatu duenean. UDAren atezainak geldiketa ederrak egin ditu, atea hutsean mantentzeko.
Entrenatzaileak, pozik
Bi taldeen ahalegina ikusgarria izan da, eta bi entrenatzaileek pozik bukatu dute norgehiagoka. "Ez dugu irabazi, eta pena izan da. Baina jokalariak egin duten lana txalotzekoa izan da. Ilintxaren kontra dugu mailaz igotzeko aukera", esan du Aloñaren entrenatzaile Unai Garaik. "Zelai txikietan jokatzea kosta egiten zaigu. Aloña gu baino hobeto egon da. Hala, urrezkoa da puntu hau, liderraren kontra lortu dugulako eta gure bolada txarrarekin bukatzeko balio digulako", azpimarratu du UDAren entrenatzaile Jose Jabier Barkerok.