ALBISTEAK

Ulma Taldeak eta Aloña Mendi kirol elkarteak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Aitor Agiriano Arrese 2026ko apirilaren 27a

Ulma Taldeak Aloña Mendi klubari babesa indartzeko eta Oñatin kirola zein gizarte-kohesioa sustatzeko konpromisoa hartu du. Akordio berria, orain artean biek izan duten elkarlanean beste urrats bat ematea da. Izan ere, Ulma Taldeak, udalerriaren ongizatea sustatzea du helburu eta hitzarmen honekin herritarren ongizateari eta bizi-kalitateari laguntzen dioten ekimenen aldeko apustua egin nahi dute. 

Oñatiko Zubikoa kiroldegian batu dira Ibon Calvo Ulma Taldeko lehendakaria eta Anton Inza Aloña Mendi kirol elkarteko lehendakaria, hitzarmenaren berri emateko. Hitzarmenak komunitate osoari irekitako ekimenak bultzatzea aurreikusten du eta horretarako diruz zein bestelako baliabideekin gauzatuko da.

Ulma Taldeko lehendakariak adierazi duenez, "akordio honek proiektu gisa garena isaltzen du: Oñatin sakon errotutako eta bere etorkizunarekin konprometitutako erakundea. Kirolaren alde egitea ongizate kolektiboaren, balioetan heztearen eta gure gazteei  aukerak eskaintzearen alde egitea da". 

Sail guztietarako laguntza

Aloña Mendi kirol elkarteak bere kirol eta gizarte-proiektua indartzen jarraitzeko aukera gisa baloratu du akordioa, udalerriko bizitza funtsezko eragile gisa duen papera sendotuz."Babesletza gizonezkoen futbolera, emakumezkoen eskubaloira eta txirrindularitzara zabaltzeak Aloña Mendi kirol elkartearen papera indartzea ahalbidetuko du, kirola egiteko erreferentziazko gune gisa, baina baita Oñatiko haur eta gazteentzako sozializazio, ikaskuntza eta garapen pertsonaleko ingurumen gisa ere". 

Diru-kopuru zehatzik ez

Hitzarmenaren oinarrietako bat dirua bada ere, Ulma Taldetik ez dute kopururik zehaztu nahi izan. Adostasun batera heldu direla adierazi dute alde biek eta ez dute beharrezkoa ikusten diru laguntza kopururik zehaztea. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak