Jakiundek zientzia, arte, literatura eta gizarte arloko erronka handien inguruan hausnarketa eta aholkularitza eskaintzen dio erakundeei eta, oro har, gizarteari 2007tik, erreferentziazko foro izateko bokazioarekin. Gaur egun, ehun kide baino gehiago biltzen ditu, eta garatu duten ibilbide akademiko zein artistiko "bikainagatik" izan dira hautatuak. Ana Zubiaga genetiko arloko katedraduna da akademiako presidentea; ohorezko presidentea, berriz, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Jakiundeko lehen presidentea izandakoa.
Gaurko bilkura estrategiak, proiektuak eta ekimenak eztabaidatu eta onartzeko baliatu dute, baita lau kide berriren inbestidura aurkezteko ere. Horiek dira, batetik, Patricia Aspichueta farmazian doktorea eta EHUko Gibela eta Lipidoak ikerketa-taldeko arduraduna; bestetik, Txema Ausín filosofoa, CSICeko kidea eta etikaren arloko aditua; kide gazteen kategorian, Izaskun Orue psikologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea; eta, María José Sanz biologian doktorea eta BC3 zentroko zuzendaria, nahiz eta azaroko bilkuran hartuko duen kargua, gaur ezin izan delako bertaratu.
Ekitaldiaren baitan, hitzaldi nagusia ere eskaini da: Notitia Vasconiae: Vasconiako historialari, legelari eta pentsalari politikoen hiztegia. Lau liburukitan banatutako lan hori Gregorio Monreal akademikoak aurkeztu du, eta Roldán Jimeno eta Juan Madariaga historialariek ere egin dituzte iruzkinak, argitalpenaren zuzendarikideak diren aldetik.
Dibulgazioan sakontzen
Jakiunderen jarduera ez da barne-lanera mugatzen: "Akademiak dibulgazio-jarduera ugari sustatzen ditu, bai publiko orokorrarentzat bai gazteentzat, etorkizuneko belaunaldiek prestakuntza sendoa izan dezaten. Erakundeak, bere ibilbidean zehar, ezagutza gizartera zabaltzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko konpromisoa berretsi du", azaldu du Ana Zubiagak.
Kide berriek, beren esparruetan egindako ekarpen garrantzitsuekin, Jakiunderen helburu nagusiari eusten lagunduko diote: "Jakintza eta berrikuntza euskal gizartearen zerbitzura jartzea".