Izendapena ofiziala izateko prozedura abiaraziko du orain Udalak, eta, maiatzaren 24an, euskaraz eta arabieraz Palestina lorategia irakur daitekeen plaka bat jarriko dute Kalegoieneko berdegune horretan; olibondo bat ere landatuko dute, Palestinaren ikur nagusia. Egun horren aurretik ere ekitaldi sorta izango da herrian: kontzertuak, hitzaldiak eta film emanaldiak.
Urte eta erdiko ibilbidea
Duela urte eta erdi sortu zen Oñati Palestinarekin taldea, Palestinaren egoera eta Gazak bizi duen genozidioa lehen lerrora ekarri eta gertaera hori salatzeko eta elkartasuna adierazteko. Harrez gero, makina bat ekintza egin dituzte, izan mural erraldoia, izan kartelak jartzea herriko txoko ezberdinetan, izan urteberri eguneko txokolate solidarioa. Palestinak bizi duen egoerarekin herritarrak ez ahaztea gura du Oñati Palestinarekin taldeak eta herritarrak gonbidatu ditu, bai maiatzeko ekitaldietan parte hartzera bai taldera batzera.