HEMEN DEBAGOIENA

Oñatiko euskara zaharra aztergai Ander Lizarralderen liburu berrian

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 22a

'Oñatiko Euskara Zaharra' izeneko liburua argitaratu du Ander Lizarraldek. Herriko euskara zaharraren eta berriaren inguruko hainbat azalpen eta hausnarketa plazaratzen ditu lehen apunte hauetan. Etorkizunean jarraipena emango dio proiektuari, beste hainbat apunterekin.

Ander Lizarralde oñatiarrak ez du atsedenik hartu, eta aurreko urtean Araotzeko auzotarren testigantzak jasotzen dituen Araoztarrak I eta Araoztarrak II liburuak argitaratu ostean, Oñatiko Euskara Zaharra izeneko liburua kaleratu du. Oñatiko euskarak izan duen bilakaera du aztergai liburu berriak, Oñatiko euskara zaharra eta Oñatiko euskara berria ezberdinduz. Liburua Oñatiko Altuna Estankoan erosi daiteke, 12 euroren truke. Oñatiko udalaren Oñati.eus atariko argitalpenak atalean ere irakurri daiteke.

Bestelako ikerketa lan batzuetan jaso dituen testigantzak eta Ahotsak.eus atarian ikusgai dauden hainbat elkarrizketa izan ditu oinarri Lizarraldek, eta azaldu duenez, zazpi urtez ibili da jasoketa sistematiko bat egiten. Hasiera batean, hiztegi formatuan argitaratzeko ideia izan zuen, baina, formatuz aldatzea erabaki zuen. Liburu moduan argitaratu den arren, txosten baten antzekotasun gehiago dituela nabarmendu du egileak.

Jarraipena izango duen proiektua

Apunteak I azpitituluarekin ageri da liburu berria. Lizarraldek azaldu duenez, bere asmoa apunte ezberdinak argitaratzen joatea da. Apunte berri hauetarako ekarpen, zuzenketa zein oharrak jasotzen joateko interesa erakutsi du oñatiarrak, eta horretarako jardunaldiak@hotmail.com helbide elektronikoa jarri du mundu guztiaren eskura. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak