ALBISTEAK

Oñati Abesbatzaren 60 urtetako ibilbidearen errepasoa egin du Jose Antonio Azpiazuk

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 22a

60. urteurreneko ospakizunetan sartuta dabil Oñati Abesbatza. Horren harira, hainbat hitzordu dituzte; esaterako, atzo martitzena, Jose Antonio Azpiazuk abesbatzaren historiaren inguruan kultura etxean emandako hitzaldia. Datorren asterako ere badago hitzordua: garuna eta musikaren erlazioaren inguruko hitzaldia emango du Gurutz Linazasorok.

Oñati Abesbatzako kidea eta idazlea da Jose Antonio Azpiazu. Duela hamar urte 'Oñati Abesbatzaren historia' izeneko liburua idatzi zuen, eta, horrenbestez, ondo baino hobeto ezagutzen ditu abesbatzaren inguruko istorio eta anekdotak. Hitzaldian, alde batetik,  liburua abiapuntu hartuta, abesbatzak herriz herri urteetan eskainitako emanaldiak, Tolosako lehiaketan parte hartzen aritu zirenekoak, edota, Aita Madinarekin eta bere konposaketekin duten lotura ekarri zituen gogora. Bestetik, azken 10 urtean egindakoa eta urte horietan izandako bilakaera kontatu zituen.  Hasieran, abesbatzaren inguruko bideo labur bat proiektatu ostean ekin zion Azpiazuk, eta 30 pertsona inguru bertaratu ziren bera entzutera.

Abesbatza "osasuntsu"

Abenduaren 20ko Gabonetako kontzertuarekin hasi zituen Oñati Abesbatzak urteurreneko ospakizunak. Martxoan, Suhar Koruarekin egindako Bakoren izpiritutik izeneko kontzertua eta Ibaiertzekin egindako elkartruke kontzertua ere izan ziren. Orain artekoak "harrera ona" izan duela dio Rafa Anduaga lehendakariak. Horrez gain, abesbatza bera ere "osasuntsu" dagoela gehitu du; izan ere, duela pare bat urte 10 kide berri gehitu ziren taldera, eta, gaur egun 47 kide dira. Ate Irekiak ere egiten dituzte noizean behin, eta interesa duen orori, bertaratzeko gonbita luzatu die Anduagak.

Egitarauarekin jarraitzeko, datorren astean –hilak 28–,  Musika eta garunaren inguruko Cerebro y musica izeneko hitzaldia emango du Gurutz Linazisorok. Amaitzeko, urriaren 17an, kontzertu berezia egingo dute: organo jolearekin eta ganbera-orkestra batekin egingo dutena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak