Blues jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute Oñatin

Eki Letona Erretolatza 2026ko apirilaren 14a

Iñaki Olalde eta Aitor Perosterena, jaialdiaren aurkezpenean.

Oñatiko Blues Elkarteak antolatuta, blues jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute maiatzaren 15ean eta 16an Oñatin. Iazko lehen edizioak izandako harrera onaren ondoren, aurten ere ekimena aurrera eramatea erabaki dute, Udalaren laguntzarekin.

Sarrerak gaur, apirilak 14, 22:00etan jarriko dira salgai udalaren webgunean; karteleko QR kodearen bidez ere eskuratu ahal izango dira, baita Oñatiko Txokolaterian ere. Prezioak 10 eurokoak izango dira egun bakarrerako, eta 18 eurokoak bi egunetarako.

Bestalde, merchandisinga ere salgai egongo da gaurtik maiatzaren 7ra arte, sare sozialen bidezko formulario baten bidez. Banaketa maiatzaren 14an egingo da, 19:30etik 21:30era, Atzeko kaleko plazan. Antolatzaileek aurten publiko gehiago espero dute, iazko esperientzia positiboan oinarrituta.

Aitor Perosterenak, elkarteko kideak, azaldu duenez, duela hiru edo lau urte sortu zuten elkartea blues musikazale talde batek, eta ondoren jaialdia antolatzea erabaki zuten. "Iazkoa izan zen lehenengo edizioa eta oso ondo irten zen; jendearen harrera oso ona izan zen", adierazi du. Gaineratu du bluesa "adin guztietara iristen den musika estiloa" dela, eta 30 urtetik gorakoentzako eskaintza "gutxi" dagoela halako jaialdietan.

Egitaraua zabala

Aurtengo edizioan, kontzertu guztiak Oñatiko Gaztelekua-n egingo dituzte. Ostiral gauean hasiko da jaialdia: Emilio Arsuaga & The Mad Reeds talde madrildarrak irekiko du egitaraua, blues tradizionalaren eta hegoaldeko soinuen nahasketarekin; ondoren, The Allnighters taldeak hartuko du oholtza, rhythm & blues eta soul ukituko doinuekin.

Zapatuan, eguerdian, kalejira egingo dute Oñatiko kaleetan zehar Broken Brothers Brass Band talde iruindarrarekin, New Orleanseko "brass band" estiloko doinuekin. Gauean, berriz, bi kontzertu izango dira gaztelekuan: Wax & Boogie taldeak, Pablo Sanpa gitarra-jotzailearekin batera, blues, boogie eta R&B klasikoa eskainiko ditu; eta jaialdia ixteko, Noa & The Hell Drinkers talde donostiarrak joko du, blues/rock estiloko emanaldiarekin. Talde horrek 2023an European Blues Challenge lehiaketa irabazi zuen.

Udalaren babesa

Udalaren aldetik, Iñaki Olaldek azaldu duenez, "iazko balorazioa oso positiboa izan zen, eta horrek arrazoitu du beste edizio bat babestea". Horretarako, 12.000 euroko hitzarmena bideratu dute, eta azpimarratu du Oñatin udaberritik aurrera jarduera ugari izaten direla, jai giro handiarekin, baina tartean blues jailadiari lekua egin dietela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak