ALBISTEAK

Agur Donostiako Hontza liburu-denda oñatiarrari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko apirilaren 1a

1982ko azaroaren 20aren ireki zituen ateak Donostiako Hontza liburu-denda oñatiarrak, eta atzo, martxoak 31, eman zion amaiera ia 44 urteko ibilbideari. Ireki eta pare bat urtera, Anton Apaolaza oñatiarraren proposamena onartuta, sartu ziren Esther Moiua eta Ramon Tatiegi oñatiarrak Hontza liburu-dendan… atzora arte. 

Azken hilabeteetan saiatu dira erosleren bat aurkitzen, baina ez dute lortu eta azken orduko sorpresa handirik ezean, salgai kartela duen Okendo kaleko lokal huts bat izango da Hontza. 

Euskaraz bizitzeko gune baten galera 

Egun zinez berezia izan zen atzokoa Hontza liburu-dendan, mugimendu handikoa. Idazle, aktore, bezero eta lagun artean igaro zuen azken eguna lantaldeak, eta txoko bat ere utzi zuten nahi zuenak nahi zuena idatz zezan. Euskararen Donostiarentzat galera bat izango da, liburu denda soil bat izateaz harago harremanetarako espazio bat zelako Hontza, kultura transmisiorako eta euskaraz bizitzeko gune bat.

Arduradunen zapore gazi gozoa

Lau hamarkada luzez bertan lan egin duen Esther Moiua oñatiarrak "sentimendu nahaspila bat" zuen atzo: "Negargura itxi behar izateagatik, gaur [atzo] erretiratzen naizelako alaitasun puntua... Sentimendu nahaspila bat daukat. Hontza gure proiektu kutuna izan da, ilusio handiz bizi izan duguna. Lan asko egin dugu hemen, oso ondo pasatu dugu, aldapa-goratsua ere izan da hainbatetan pozgarria beste batzuetan... Denbora bat beharko dut hau guztia barneratzeko, erori ostean berriz altxatzeko". 

Hontzako beste arduradunak, duela hiru urte pasa erretiratu zen Ramon Tatiegi oñatiarrak, "aho zapore gazi-gozoa" bazuen ere, badu itxaropen txiki bat oraindik etorkizunera begira: "Oraindik badut esperantza txiki bat proiektu honek jarraipena izango duela, guk baino hobeto eramango duen jende berri batekin; leiho hori ez dut itxi nahi oraindik". 

Bezeroei eta bidelagunei esker ona 

Amaitu da Moiuaren eta Tatiegiren aroa, eta esker ona adierazi die bereziki bezeroei, haiengatik ez balitz Hontzak ez lukeelako lau hamarkada luze iraungo: "Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen bide hau gurekin egin duten guztiei", dio Moiuak. Eta gaurtik aurrera Donostiak zer galduko ote duen galdetuta, jaioterria ere aipatu du Tatiegik, umoretik: "Oñatik ere galduko du bere Donostiako txoko txikia [barreak]. Donostiak, Gipuzkoak eta Euskal Herriak galduko dute euskalgune bat; txikia, baina euskalgunea". 

Amaitzeko, irakurzaletasuna une gozoa bizi duela deritzo Tatiegik: "Askotan ezkor hitz egiten dugu, gutxiago irakurtzen dela-eta. Nik uste dut inoiz baino gehiago irakurtzen dela, formatu ezberdinetan, eta liburu fisikoa oraindik bizi-bizi dago". Eta hala amaitu nahi izan du elkarrizketa Moiuak: "Segi irakurtzen, mesedez. Eta umeei liburuak eman esku artera". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak