Hamar urteko ibilbidea egin du Eltziak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 25a

Onintza Andres, Maialen Altuna, Anik Zubizarreta, Miren Arregi eta Eneko Ibabe, atzo, Eltzia aurrean.

Egun, herriko 25 taldek dute euren lokala Eltzian baina 500 pertsona ingururen mugimendua dago. Orain arteko filosofia berarekin jarraitzea da erabiltzaileen zein Udalaren asmoa. Apirilaren 18an egingo dute aurtengo Eltzia Eguna.

Urteurrenaren data zehatza jartzea zaila den arren, Eltziak dagoeneko hamar urteko ibilbidea egin duela eta bide honen parte izan direnei aitortza egiteko aprobetxatu gura izan du Udalak hamarkadaren urteurrena eta apirilaren 18an egingo den aurtengo Eltzia Egunaren iragarpena. "Ilusio, lan, energia handiak egongo dira urte guzti hauetan, denbora eta buruhauste asko, eta eskerrak eman gura dizkiegu denei, horregatik", azaldu du Oñatiko Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko batzordeburu Anik Zubizarretak atzo, martitzena, Eltziako Topagunean egindako prentsa agerraldian. Gaineratu zuen hasieran hartutako konpromiso berarekin jarraituko duela Udalak aurrerantzean ere, "babesten, baliabideak eta ilusioa jarrita".

Zubizarretaren esanetan, "bizirik dagoen proiektua" da Eltziakoa, eta "horrek esan gura du normala dela gorabeherak izatea" baina horiek irakurtzeko eta egoera berrietara egokitzeko izan duen "gaitasuna" azpimarratu du, era berean, Zubizarretak. Proiektuak hasieratik izan duen filosofia babesten jarraituko duela Udalak ere esan du Zubizarretak: " Talde askorekin egonda ere "gu" sentipenarekin identifikatzea eskatzen duen proiektu komunitarioa da Eltzia eta harremanak ezinbestekoak dira. Gauzak egiteko beste modu batzuk badaudela erakutsi digu Eltziak". Gaineratu du "bidelagun" izaten jarraituko duela Udalak. Egun, Udalak ordaintzen ditu argia, ura edo gasaren faktura, eraikinean egin behar izaten diren obrak eta diru laguntzak ematen ditu proiektuetarako.

Datu batzuk

Partaideta eta Garapen Komunitarioko udal teknikari Onintza Andresek azaldu duen moduan, Eltziak behar ezberdinak izan ditu sortzen hasi zenetik eta horietarako egokitu da. Horren adibide jarri du dinamizatzailearen figura jarri beharra. "Udalaren eta Eltziaren arteko hitzarmenak, adibidez, ezberdinak izan dira urte hauetan, momentuan momentuko egoerari erantzuteko egin dira. Alde ekonomikoak, teknikoak edo eraikinaren mantenukoak ere izan dute jarraipena beti eta pisu handia izan duena da proiektuaren egitura berak eta antolaketak; erabaki-hartze horizontala dago oinarrian hor".

Andresek emandako datuak dira eraikinak 4.000 metro karratu dituela eta egun 25 talde –horietako bat herriko hainbat musika talde batzen dituen Zai Zoi Bele kolektiboa– daudela bertan finkatuta. Horien guztiaren bueltan, baina, gutxi gorabehera, 500 erabiltzaile ditu Eltziak. Barne antolaketari begira, Eltziako Koordinazio Taldea figura dute eratuta: talde ezberdinetako sei lagunek –gaur egun Ganbarako bi, Zai Zoi Beleko bi, Hotz Oñatiko bat eta Txinparta Bertso Eskolako bat– eta mantenu lanak egiteko beste lau kidez osatzen dute. Eta horiekin batera, Eneko Ibabe dinamizatzailea ibiltzen da eltziakideen arteko zubi lanak egiten edo beharra duenari laguntzen.

Eltzia Eguna

Ibabe berak azaldu du prentsaurrekoan egun osoko egitaraua prestatu dutela apirilaren 18an egingo den Eltzia Egunerako: "Goizean, adibidez, yoga saioa egingo da, bafle poteoa gero auzoko tabernetan zehar eta 14:30ak aldera, bazkaria eta ostean, bingoa. 18:00etan, berriz, Zentzu Okerrak taldeak joko du". Ekitaldi denak izango dira irekiak, eltziakideendako zein beste herritarrendako. Bazkarirako txartelak egubakoitzean jarriko dituzte salgai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak