Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egin dute inaugurazio ekitaldia. Han egon dira, besteak beste, Nazioarteko Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko Camilo Umaña, Justizia sailburu orde Alfonso Gomez, Oñatiko alkate Izaro Elorza eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren arduradun Ramon Martin. Guztiek azpimarratu dute halako erakusketa batek duen balioa, eta egun bizi den egoeraren baitan izan dezakeen balioa. "Diziplina arteko espazio honen helburua gerraren, justiziaren eta bakearen dimentsio soziojuridikoak aztertzea da. Gatazka armatuak ugaritzen ari diren eta bake-akordioak gero eta urriagoak diren testuinguru global honetan, zuzenbideak erresistentzia egituratzeko eta gizarte bidezkoagoak eraikitzeko aukerak baldintzatzeko moduari buruzko hausnarketa kritikoa proposatzen du erakusketak", azpimarratu dute.
Camilo Umaña irakaslearen nazioarteko ikasleak izan dira bildumaren egile nagusienak, Artxibo Historikoan dauden artxibo zaharren laguntzarekin." Gaur egun, gerra dimentsio guztietan azaldu behar dugu. Ohituta gaude bonbetara, gatazketara... Eta pentsatu behar dugu nola eraiki mundu hobea. Erakusketaren ideia ikastaroaren hausnarketatik sortu zen, baina baita artxiboekiko elkarrizketatik ere", esan du Umañak.
Hogei artxibo-pieza
Errepresioa, dispertsioa eta bakea erakusketan hainbat elementu batu dituzte. Hogei bat artxibo-pieza, ikus-entzunezko narratibak, ikasleen ikerketak eta hainbat ahots batu dituzte gerraren, justiziaren eta bakearen dimentsio soziojuridikoei buruz hausnartzeko bidea zabaltzeko. Espainiako diktaduran eta errepresioan ipini dute fokua, zentsura eta informazioaren kontrola ahalbidetu zuten mekanismo soziojuridikoetan, Gipuzkoako artxiboko funtsak erabiliz." Artxibo historikoek erakusten badira bakarrik dute zentzua. Erabiltzen badira eta haiekin hausnarketarako bide bat irekitzen bada", gaineratu du Ramon Martinek.