Oñati etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko bidean, diagnosia eta hiru urterako ekintza plana prestatu du Udal Gobernuak, eta atzo, eguena, egindako otsaileko osoko bilkuran onartu du udalbatzak. Alderdi jeltzaleak kontrako botoa eman du, zehaztasun falta duela arrazoituz eta ez diolako irtenbiderik ematen, euren ustez, etxebizitzen salerosketa merkatuaren krisiari, hain zuzen Oñatik tentsio eremu izendapena jasotzeko positibo eman zuen puntuari.
Lau arrazoi eman dio EAJk kontra bozkatzeko
Planak zehaztasun falta duela esateko lau arrazoi eman ditu EAJ-k: lehena, ez dagoela helburu argirik, ezta kuantifikatutakorik ere. Adibidez, ez duela jasotzen zenbat etxe bideratu gura diren alokairura edo ezta segregazio bidez zenbat lortuko diren ere. Bigarrena da gaur egun indarrean dauden ekintzetan oinarritu dela; Plana, ia osorik, alokairura eta EH Bilduren ildo politikora dagoela zuzenduta da hirugarren arrazoia, ez dela aurreikusi neurri eraginkorrik salerosketa-merkatuan, eskaintza librea edo babestua handitzeko. Laugarrena berriz, planak bigarren edo hirugarren urtera arte atzeratu dituela neurri garrantzitsuenak eta eraldatzaileenak, adibide moduan jarrita Kasablankako 60 etxebizitzen proiektua gelditutzat ematen dela 2028ra arte eta 2027 arte ez dela ordenantza eguneratuko etxebizitzen bereizketa edo zatiketak egiteko.
Ekintza-Plan "hau asmo-adierazpena eta ibilbide-orri administratiboa baino" ez dela dio alderdi jeltzaleak. Amaia Erostarbe Letamendik, jeltzaleen udal bozeramaileak, gaineratu du plan honek ez duela "berehalako irtenbiderik eskaini salerosketa-merkatuaren krisiaren aurrean; hain zuzen, Tentsio Eremu izendapena justifikatu duen parametro bakarraren aurrean".
Ekintza osotasunean hartu behar dela dio Udal Gobernuak
Udal Gobernuak baina, dio, planak ez duela zehaztapen faltarik, "diagnostikoa eta justifikazioa oso zehatzak" direlako eta planak "horri erantzuten" diolako. Salerosketaren prezioen igoera da Oñati gune tentsionatu izendatzeko faktorea eta Udal Gobernuak argitu du horri ere erantzuna ematen diola plan honek, "oposizioak kontrakoa esan arren". Hirigintzako batzordeburu Iñigo Ruizen esanetan, planteatzen duten "estrategia eta ekintza denak osotasunean hartu behar dira, etxebizitzaren auzia auzi poliedrikoa delako, erpin askokoa". Dio hartuko neurriek lagunduko dutela salerosketa prezioak mugatzen. Gaineratu du prezioa jaistea, baina, ez dela lehentasunezkoa, planak "koletikbo zaurgarrienei zuzendutakoa" izan behar dela, baizik. Eta horren bi adibide eman ditu Ruizek, biak osoko bilkuran bertan onartutakoak: lokal bat etxebizitza egitea eta hori prezio tasatuan saldu beharra eta San Martingo partzela batean xehetasun azterketa baten bidez Udala lantzen ibili dela "eraikigarritasuna mantenduta, 83 etxe egin beharrean 132 egiteko aukera aztertzea eta prezio mugatuan merkaturatzea".
Informazio bilera martxoaren 10ean
Etxebizitzaren inguruko diagnostikoa, horretan oinarritutako justifikazio txostena eta aurrera begirako ekintza plana dira otsaileko osoko bilkuran onartu dituztenak. Orain Eusko Jaurlaritzara bidaliko dituzte. Hilaren 10ean, bestalde, aurkezpen ekitaldi irekia egingo dute zinema-aretoan ekintza planaren gaineko informazioa emateko.