Martxotik aurrera egongo da erabilgarri anbulatorioko TAO sistema eta beste aldaketa batzuk ere egongo dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko otsailaren 25a

Xabier Igartua zinegotzia, eguerdian, anbulategiko aparkalekuan.

Anbulatorioko aparkalekuan dagoeneko prest dago TAO makina berria eta bi orduz doan aparkatu ahalko da horretarako egokitutako 23 aparkalekuetan, martxotik aurrera. Beste aldaketa batzuk ere azaldu dituzte.

Oñatiko TAO sisteman egokitzapenak izango dira martxotik aurrera; lau aldaketa egingo dituzte, zehazki. Lehenengoa da anbulatorioko aparkalekuan makina berri bat jarri dutela osasun zentroa zabalik dagoen ordutegian erabiltzeko; bigarrena, Ramon Irizar eta Motxon kaleetako doako TAO sistema, ordubetetik bi ordutara igaroko dela; hirugarrena, Kalegoienako eta Zubikoako lurpeko aparkalekuetan bi ordutik hiru ordutara pasako dela doakotasuna; eta azkenik, desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuek ohikoek baino ordubete gehiago aparkatzeko aukera izango dutela, TAOko edozein aparkalekutan.

Anbulatorioko aparkalekua

Anbulatorioko aparkalekuari dagokionez, dagoeneko jarrita dago makina berri bat eta osasun zentroa zabalik dagoen ordutegian, 08:00etatik 17:00etara bitartean, funtzionatuko du, bi orduko doako iraupenarekin. Horrek ekarriko du, anbulatorioan, TAOrik gabeko gunean 26 aparkaleku izango direla aurrerantzean, eta beste 23 aparkalekuk, TAO sistema bidez funtzionatuko dute. 

Hauxe adierazi du Oñatiko Udaleko Zerbitzu saileko zinegotzi Xabier Igartuak: "Horren helburua da goizean zehar ere aparkaleku honetan espazioa egotea, batez ere, anbulatoriora datozenentzat. Ikusita geneukalako askotan aparkaleku hauek goizean goiz betetzen direla eta gero beteta jarraitzen dutela arratsaldera arte. Ziurtatu nahi dugu anbulatoriora datorrenak, aparkalekua izango duela".

Beste aldaketa batzuk

Bigarren aldaketa da erdigunean dauden Ramon Irizar eta Motxon kaleetako doako aparkaleku sistema ordubetetik bi ordutara igoko dutela. Horrela azaldu du zinegotziak: "Aztertuta geneukan eta herritarrek ere komentatu izan digute, Errementari plaza eta Motxon kale inguruetako aparkalekuak guztiz beteta gutxitan egoten direla. Orduan, beste eskari bat izan zen horietako doakotasun denbora handitzea. Eta erabaki dugu bi ordutara pasatzea doakotasun hori".

Hirugarren aldaketa da lurpeko Zubikoa kiroldegiko eta Kalegoienako aparkalekuetan ere, aurrerantzean, ordubete gehiagoz aparkatu ahal izango dela dohainik, beraz, hiru ordu izango dira doakoak horietan. 

Xabier Igartua zinegotziak azaldu du mugikortasun azterketak eta planak egiten dituztenek gomendatzen dutela beti lehenengo lur-azpiko aparkalekuak betetzen saiatu behar dela, jendea kalean aparkaleku bila ibili ez dadin.

Desgaitasuna dutenendako

Laugarren egokitzapen bat ere egin dute, desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuei zuzenduta. Oñatiko TAOko edozein aparkalekutan, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkaleku-txartela dutenek ordubete gehiago aparkatu ahal izango dute, aparkatzeko tiketean agertzen den amaiera-ordutik aurrera, betiere txartela tiketaren ondoan bistan badago.

Martxotik aurrera martxan

Aldaketa horiek guztiak martxoaren 2tik aurrera jarriko dira martxan. Eta aurrerago, udalak lizitazio berria ateratzen duenean, asmoa dute udaletxeko HAZ gunean, isunak ordaintzeko makina bat jartzeko. Gaur egun, lurpeko bi aparkalekuetan egin daiteke hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak