Joan den urritik itxita dago Oñatiko San Migel parrokia. Lanak amaituta, emaitza "oso positiboa" izan dela azpimarratu dute Arantza Otadui argiztapen lanetan aritu den arte-historiagileak, Xabier Mendizabal erretaulak garbitu dituen teknikariak eta Horazio Argarate parrokoak.
Lanei dagokienez, argiztapena guztiz aldatzea eta XVI.mendeko "argi goxoak" berreskuratzea izan da obraren helburua. "Orain arte argiztapena artifiziala zen indar handiko fokuen bitartez. Argi daukagu garai horretako eliza bat ez zela argiztatzen gure etxeko sukaldea bezala. Orduan, ahalegindu gara eliza honi ematen XVI.mendean zeukan argi goxo hura: argi beroak erabilita eta kandelak modu estrategikoan jarrita", adierazi du Otaduik.
Domekan zabalduko dute
Lanek iraun bitartean Agustindarren elizan egin dituzte elizkizunak, eta, domeka honetan, behin lanak amaituta, parrokiak ateak irekiko ditu 12:00etan ohiko mezarekin, eta bertan izango da Gotzain Jauna. Horrez gain, Argarate parrokoak azaldu du normaltasunez bueltatuko direla hileta elizkizunak, batailoiak eta elizkizun guztiak.