Urtebete inguru iraun duen eta 30 herritar ingururen parte-hartzea izan duen prozesuaren ostean, Oñatiko Udalak gertu du herriko LGTBIQ+ diagnostikoaren emaitza.
Gaur goizean udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako agerraldian Izaro Elortza alkateak azaldu duenez, "pozik" daude izandako erantzunarekin, nahiz eta gaineratu duen "kontziente" direla ez dutela lortu herriko ahots guztietara heltzerik. "Eginiko lanak, baina, oinarri sendo bat eskaini digu herriko LGTBIQ+ politiken norabidea ezartzeko; lagundu digu identifikatzen nondik hasi eta non eragin behar dugun. Baina horrez gain, prozesuak harremanak eta sareak sendotzeko aukera ere eman digu", gaineratu du Elorzak. Udaleko ordezkariek eskerrak ere eman dizkiete diagnostikoa n parte hartu duten guztiei.
Diagnostikoa egiteko prozesua gidatu duen Sudergintza kooperatibako Zuriñe Rodriguezek azaldu duenez, beti ere parte-hartzaileen "konfidentzialtasuna eta anonimotasuna" bermatuz, askotariko ekintzak egin dituzte azken hilabeteotan: inkestak, bakarkako elkarrizketa sakonak, eztabaida taldeak, lortutako emaitzak baloratzeko kontraste espazioak, eta formazio espazioak. Gaineratu du prozesu guztian zehar LGTBIQ+ komunitateko kideez osatutako talde motor batek eroan duela.
Oñati, "mugatzaile eta babesgune"
Diagnostikoak "argazki konplexua" erakutsi duela azaldu du ondorioen inguruan galdetuta Asier Lauzirika zinegotziak. "Lortu dugu ikustea zisheterosexualitatearen normak nola operatzen duen herrian. Ez dugu indarkeria fisiko gordinaren errelatorik jaso, baina bai bizipenak erakusten dutenak eguneroko mekanismo txikiekin nola bizi diren mugak, zigorrak, autoarmarizazioa, zentsura, jazarpen txiki-handiak pertsona askoren eguneroko bizitzetan…", esan du Lauzirikak, eta gaineratu: "Jaso dugu Oñati badela komunitate bat, mugatzailea zein koertzitiboa izan daitekeen moduan, babesgunea ere izan daitekeela jende askorentzat".
Beste herri batzuekin alderatuta egon daitezkeen berezitasunen inguruan, Oñati "oso herri aktiboa" dela nabarmendu du Zuriñe Rodriguezek: "Horrek baditu ondorio positiboak LGTBIQ+ komunitatearentzat. Komunitate oso harro bat topatu dugu, batez ere bolleren inguruan. Historikoki badago bolleren mugimendu bat eta artikulazio bat eta nolabait ere LGTBIQ+ komunitatearen lidergoa eroan dute. Laguntza sare handi bat ere topatu dugu".
Aurrera begira, lau lan-ildo
Diagnostikoak, etorkizunera begirako lan-ildoak zeintzuk izan behar diren zehazteko ere balio izan dio Udalari. "Lau identifikatu ditugu. Batetik, kolektiboaren memoria berreskuratzea eta ikusgarri bihurtzea, erreparazio ariketa bat egitearekin batetik. Bestetik, espazio publikoa oso heterosexualizatua dagoenez, beharrezkoa da espazio hori kolektiboko jendeak plazeretik ere okupatzen jarraitzea indar gehiagorekin. Hirugarren lan-ildoa da ikustea tradizioarekin zer eta nola egin behar dugun denondako gozamenerako esparrua izan dadin. Eta azkenik, badugu genero normatiboaren deseraikuntzan lan egin beharra ere", azaldu du Asier Lauzirikak.
Jendaurreko aurkezpena
Datorren astean, otsailaren 25ean, diagnostikoaren emaitzen jendaurreko aurkezpena egingo dute Eltzian, 18:30ean hasita. "Ostean, elkarrekin egoteko tartetxo bat ere hartu nahiko genuke", zehaztu dute Oñatiko udaleko ordezkariek.