HEMEN DEBAGOIENA

Debagoiendarrak mundutik: Jesus Alzelai

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko otsailaren 20a

Aurten 51 urte beteko dira Jesus Alzelai (Oñati, 1950) Boisera bizi izatera joan zenetik. Oñatira sarri etortzen da orain, "urtean hiruzpalau aldiz", eta bidaia horietako bat baliatu du GOIENAk harekin hitzordua egiteko. 

Oporretan harrapatu zaitugu?

Bai, oporretan nago. Urtean hiruzpalau aldiz etortzen naiz. Otsailaren 26an joango naiz Boisera bueltan.

Orain gehiago etortzen zara lehen baino, ezta?

Bai. Bi seme ditut, Xanti eta Aitor, eta haiek txikiak zirenean, urtean behin etortzen ginen. 

Nola ikusten duzu herria? Zertan aldatu da urte hauetan guztietan?

Aldatuta, baina ondo dago, polit. Duela 51 urtetik hona gauza asko aldatu dira, noski. Esaterako, lehengo baserri eta etxe zahar asko dagoeneko ez daude eta, etxeak, berriagoak dira. Kaleko giroa ere erabat ezberdina da. 

"Aldatuta baina polit dago Oñati; duela 51 urtetik hona gauza asko aldatu dira, noski"

Zer sentitzen duzu hona etortzean?

Poztasuna, nire arreba eta anaia ikusten ditudalako, baita ilobak eta lagunak ere.

Zertarako aprobetxatzen dituzu hemengo egonaldiak?

Lehenik eta behin, lasai egoteko eta erlaxatzeko; lagunekin trago batzuk hartu eta elkartean bazkari edo afariak egiteko. Horrez gain, iparraldera zein hegoaldera bidaiatzeko ere aprobetxatzen dut.

AEBetan zaudenean, zer da faltan sumatzen duzuna?

Lehengo Oñati. Oraindik ere, han nagoenean, garai bateko Oñatiz gogoratzen naiz, baina hona etortzean konturatzen naiz hura joan zela. 

Edozelan ere, lotura estua mantentzen duzu senide eta lagunekin. Anaiarekin, esaterako, ia egunero egoten zara telefonoz.

Bai, izan ere, gaur egun askoz ere errazagoa da guztia. Hara joan nintzen hasierako urte haietan, amarekin urtean behin edo bi aldiz besterik ez nuen berba egiten, oso garestia baitzen. 

1975eko urriaren 10ean joan zinen AEBetara, 25 urterekin. Maitasunak eraman zintuen hara?

Bai. Garai hartan Donostiako Londres hotelean egiten nuen lan eta han ezagutu nuen Tammy Atxurra, gerora nire emaztea izango zena. Hasiera batean, han ezkondu eta Euskal Herrira itzultzea zen gure asmoa, baina 51 urte beteko dira aurten eta han jarraitzen dut.

"Boisen ezkondu eta Euskal Herrira itzultzea zen gure asmoa"

Zergatik geratu zineten han?

Alde batetik, asko gustatu zitzaidan Boise eta hango egunerokoa eta, bestetik, ekonomikoki aukera gehiago zeuden han.

Euskara ikastera etorri zen Tammy Oñatira, ezta?

Hala da. Haren aitona Aulestikoa zen eta, amona, Laidakoa. Garai hartan, San Lorentzora etorri zen euskara ikastera. Boisetik 75 bat laguneko taldea etorri zen, eta orduan ezagutu genuen elkar. Dena dela, duela hamalau urte hil zen.

Bitxia da, baina zuk zeuk Boisen ikasi zenuen euskaraz hitz egiten.

Bai. Garai hartan debekatuta zegoen euskara. Nire ama erdalduna zen eta aita Oñatikoa, euskalduna. Hala ere, guk gaztelaniaz egiten genuen etxean. Pentsa, Boisera iritsi ginenean, nire aitaginarrebak euskaraz eta ingelesez egiten zuen, baina gaztelaniaz ez, eta ezin ginen komunikatu. Edozelan ere, Boiseko Euskal Etxean guztiek egiten zuten euskaraz eta horrela ikasi nuen, nahiz eta zailtasun batzuk ditudan ondo hitz egiteko. 

Lanari dagokionez, ostalaritza munduan aritu izan zara betidanik.

Sukaldari izan naiz beti, bai, Boiseko Euskal Etxean zein beste jatetxe batzuetan; euskara eta ingelesa ikasteko ere ezinbestekoa izan zen hori. Adibidez, Oñati jatetxea eduki nuen Boisen eta Oñatin, berriz, Boise taberna. Halaber, Oñatin, Goiena pizzeria ere eduki nuen, 2001etik 2007ra, eta garai hartan hemen bizi izan nintzen. 

"Oñati jatetxea eduki nuen Boisen eta Oñatin, berriz, Boise taberna"

Ostalaritzan lan egiteak aukera eman dizu jende ospetsua ezagutzeko. Nortzuk, adibidez?

Besteak beste, Michael Hoffman zine zuzendaria eta Michelle Pfeiffer eta Sally Field aktoreak.

William Petersen aktorearekin harreman berezia duzu.

Hala da, baina hura Oñatin ezagutu nuen, oraindik ezaguna ez zenean. Nire emaztea zenarekin batera etorri zen euskara ikastera eta oso harreman ona mantentzen dugu oraindik. Edozelan ere, paparazziek leku guztietara jarraitzen dute eta mozorrotuta etortzen da nire etxera. Lagunen aurrean euskal gastronomiaz harro agertu gura duen guztietan, deitu egiten dit.

Haren alaba Maite ere oso gertuko duzu.

Noski baietz. Oñatin jaio zen eta ni haren aitabitxia naiz. 

Zer bilakaera izan du Boiseko euskal giroak urte hauetan guztietan?

Oraindik oso bizirik dago. Dantzari talde bat dago, eta ikastolak ere indartsu jarraitzen du. Era berean, Euskal Jaialdia ere nabarmenduko nuke, 1987az geroztik egiten dutena, bost urtean behin. Indar handia du gaur egun eta Euskal Herritik jende asko joaten da. Lehenengo joan ziren euskaldunak dagoeneko hilda daude, baina haien ondorengoek mantentzen dute euskal izaera hori. 

Iaz izan zen jaialdia. Han egongo zinen…

Zalantzarik gabe; ikusgarria izan zen iazkoa. Datu bat emango dizut: 100.000 kroketa egin nituen jaialdirako. 

"Boiseko Euskal Jaialdirako 100.000 kroketa egin nituen"

Euskal Jaialdiaz gain, beste zein ekitaldi nabarmenduko zenuke?

San Inazio egunak ere indar handia du han, nahiz eta ezin den Euskal Jaialdiarekin alderatu. Kaliforniatik, Mexikotik, New Yorketik edota Oregonetik etortzen dira euskaldunak.

75 urte eduki arren, lanean jarraitzen duzu, ezta?

Ez dut erretiroa hartzerik nahi. Boiseko Cottonwood Grille jatetxean egiten dut lan. Ozeano Bareko ipar-mendebaldeko sukaldaritza dela esaten dugu, baina baditu euskal gastronomiako osagai batzuk ere, tartean, baba gorriak edota bildotsa. Nire nagusia gernikarra da: Ormaetxea. 

Erretiroa hartzeko asmorik, beraz, ez daukazu.

Oraingoz, behintzat, ez. Ez nuke jakingo zer egin. 

Ezinbestean, Donald Trumpi buruz galdetu behar dizut. Nola eragiten dizu zuri hura agintean egoteak?

Denek galdetzen didate. Nire egunerokoa ez da aldatu, baina jende asko triste eta beldurrez dago. Duela 50 urte Euskal Herrian bizi ginen moduan bizi dira han orain. Nire lankide asko mexikarrak dira eta seme-alabak ez dituzte ikastetxera eramaten, beldurragatik. Izan ere, ICEko agenteek seme-alabak ikastetxean utzi eta gurasoak atxilotuta eramaten ditu. 

Zuk hango pasaportea ere izango duzu…

Bai, baina ez pentsa, duela urte batzuk egin nuen, pandemia garaian, eta eskerrak horri. Semeak beti esaten dit autoan pasaportea eramateko. Izan ere, gaztelaniaz hitz egite hutsagatik herritarrak atxilotzen ari dira; gero ea nola frogatzen duten haien aurrean pasaporte hori baliozkoa dela...

"Semeak beti esaten dit autoan pasaportea eramateko"

Idaho estatuan errepublikanoak daude agintean. Herritarrek zer diote?

Idaho estatua oso errepublikanoa da eta Boise hiria, aldiz, demokrata. Hori dela eta, kontuz ibili behar izaten duzu nori zer esaten diozun. Askotan, hobe da halako gaiak ez aipatzea.

Nazioartean, Venezuelan egindakoa eta Groenlandiarekiko mehatxua ere hor daude.

Lotsagabe bat da. Egia esan, ez dakit zer pasako den gizon horrekin, oraindik hiru urte geratzen zaizkio agintean. Eskerrak aurtengo azaroan agintaldi erdiko hauteskundeak dauden Ordezkarien Ganbera aldatzeko, eta ea horrek balio duen guztia frenatzeko, behintzat. 

Otsailaren 26an duzu itzultzeko hegaldia.

Bai. Gero Corpusetarako itzuliko naiz, baita Oñatiko jaietarako ere. 

Aurrera begira, joan-etorrian jarraituko duzu, orain arte moduan?

Ez daukat beste aukerarik. Nire bi semeak eta ilobak han bizi dira. Beraz, bai, horrela jarraituko dut aurrerantzean ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak