Eusko Jaurlaritzak iaz sartu zuen Oñati eremu tentsionatu izendatzeko irizpideren bat betetzen duen herrien zerrenda. Eskaera hori egin ahal izateko hiru urterako ekintza-plana dauka esku artean Oñatiko Udalak. "Bailarako EH Bildun etxebizitzaren gaineko diagnostiko bat egiten eta ekintza plan bat lantzen hasi ginen 2024ko irailean. Oñatin ere bagenbiltzan diagnostiko batekin. Arazoa identifikatu genuen, eta horri aurre egiteko ekintza batzuk zehaztu genituen. Epe motzerako eta ertainerako ekintzak ziren. Ostean etorri zen eremu tentsionatu izendatzeko zerrenda sartu izana", azpimarratu zuen Izaro Elorza alkateak.
Izan ere, eremu tentsionatu izendapena eskatzeko hiru irizpide zehazten ditu Jaurlaritzak: azken bost urteetan alokairuaren prezioaren igoera KPIa baino hiru puntu gehiagokoa izatea; azken bost urteetan salerosketaren prezioaren igoera KPIa baino gehi hiru gehiagokoa izatea; eta etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa %30 baino gehiagokoa izatea. Oñatiren kasuan, bigarren puntuan ematen du positibo. "Azken bost urteetan KPIaren igoera %19,4 izan da, eta Oñatiko salmenta prezioa %36,5 igo da. Datu esanguratsua da, zalantza barik; baina ez da ekintza plana markatzen duen puntu bakarra. Eusko Jaurlaritzako dekretua aplikatzeko aukera ematen digun baldintzetako bat da datu hori, baina, ekintza plana hori baino askoz gehiago da", esan zuen Hirigintzako zinegotzi Iñigo Ruizek.
Oñatiko datuak
Oñatiko Udalaren Ekintza Planak, euren baitan beste azpieremu batzuk dituzten, lau eremu nagusi ditu. Alokairu irisgarria sustatzea, etxebizitza-parkearen birgaitzea, dirulaguntzak eta gobernantzaren hobekuntza.
Izan ere, Oñatik egun duen egoera konplexua da. Udalak emandako datuen arabera 5.538 etxebizitza daude Oñatin, 48,1 urteko antzinatasunarekin. 2010 eta 2023 urteen artean 509 etxebizitza eraiki ziren; guztizkoaren %9,2.
Datu esanguratsuenetako bat hutsik dauden etxebizitzena da: 5.538 etxeetatik 696 higiezin daude erroldatuta, eta horietatik 476 hirigunean daude. %18 erdiguneko etxeak dira; %8,8 Errekalden daude; %6,8 Bidebarrietan, %5,5 Olakuan eta %5,3 San Lorentzon. "Datu horiek baina errolda kontuan hartutakoak dira, eta ez etxebizitza horietan dauden kontsumoa aintzat hartuta".
Herritarrendako informazioa