Duela bizpahiru urte Oñatiko jolasguneen diagnosi eta inbentario bat egin zuen Oñatiko Udalak, Jolastuku izeneko txostena landuz eta hor 0 eta 3 urte bitarteko umeendako gabezia bat identifikatu zuten. Halan, Artxubi izeneko jolasgune hau prestatu dute, umeen aisialdira mugatu barik, helburu pedagogikoak ere badituen jolaserako espazioa.
Hiru gune eskaintzen ditu jolas parkeak eta betiko jolasgune bat egin ordez, ume txikiendako naturalizatuagoa den jolasgunea egun gura izan dute, aukera gehiago eskainiz manipulaziorako eta esperimentaziorako. Egurrezko hesiekin daude babestuta, eta bakoitzean elementu ezberdinak daude, umea hazten doan heinean batzuk edo beste batzuk erabiltzeko. Adibidez, txikienendako, espaloiaren alturan dagoen kortxoarekin egindako zorua dago, lehen pausuak eman ditzaten. Sukalde zein denda rol jokoetan aritzeko aukera ere eskaintzen du guneak. Mugitzeko, atseden hartzeko, esperimentatzeko edota jolas sinbolikorako aukera desberdinak eskaintzen dituzten elementuez hornitu dute. Erabilitako materialak ere naturalak dira.
Arduraren kontzientzia
Espazioaz gain, jolasgune berri honek badu bestelako berrikuntzarik ere: ardura aldarrikatu guran, jolasguneren erabilera egokia denen ardura dela gogorarazi gura du Udalak, denon inplikazioa eskatuz. Txukun mantentzeko, erratzak, eskuarea eta pala jarri dituzte txokoaren erabilera arauak jasotzen dituen kartelean zintzilik.
San Lorentzoko autobus geltokiaren atzean dago jolas gune hau, lehendik zeuden ziburuen ondoan. Dagoeneko erabilgarri dago.