Erakusketa otsailaren 9tik martxoaren 1era egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Baina bisita gidatu bereziak ere egingo dituzte tarte horretan. Ikasleekin izango dira batzuk, 9 eta 16 urte arteko herriko ikasle guztiek bisitatuko dute. Herritar guztiendako izango diren bisitak ere egingo dituzte: otsailaren 19an eta 23an, 18:00etan.
Onddoen hiru habitat jantzi dituzte: basoa, larrea eta herrigunea. Onddoak hartu dezakeen tamaina da erakusketan ikus ahal den beste datu bat, esaterako. Izan ere, onddo bat da munduko izaki bizidun handiena.
Perretxikoen 40 bat erreplika ere ikusgai daude erakusketan. Izan ere, perretxikoak sortzen dituen onddoa lur azpian dauden mizelioa izeneko sareak dira. Horren gaineko azalpenak ere badaude erakusketan.