Jose Mari Esparzaren liburu aurkezpenarekin bukatu dira IzanGogoGara jardunaldiak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko urtarrilaren 30a

Jose Mari Esparza Zabalegi idazlea Oñatiko zinema-aretoan.

1834ko apirilean Tomas Zumalakarregik nola lau probintzien errepublika federala egitea erabaki zuen jaso du 'Zumalacarregui y la República de los Pirineos' liburuan Esparzak, eta horixe aurkeztu du iluntzean Oñatiko zinema-aretoan.

Berak duen esperientziatik, gure historia guztia oso manipulatuta dagoela esan du iluntzean Jose Mari Esparza Zabalegi (Tafalla, Nafarorra, 1951) idazle nafarrak Oñatiko zinema-aretoan, "eta bereziki unibertsitateen partetik". Horren froga Tomas Zumalakarregik XIX. mende hasieran errepublika federala egiteko hartutako erabakia dela aipatu du. "Batzuetan esaten dut, euskaldunon interesen kontrako unibertsitatea dugula, historian, bederen. Eta froga da Zumalakarregi eta gerra karlistetan esaten eta idazten dena, ofizialki agertzen dena historia arloan, gehienak gure historiaren kontrakoak direla".

Zumalacárregui y la República de los Pirineos liburua eskuartean duela etorri da Tafallatik Oñatiraino iluntzean Esparza, eta liburuan jasotakoa aurretik esandako horren froga bat dela adierazi du. "Orain tesi ofiziala da gerra karlistak ez zutela zer ikusirik foruekin, eta inola ere ez zela planteamendu independentzia, Agosti Xaho-ek eta beste batzuk esan zuten moduan, eta liburuan agertzen da oso garbi nola Europako gobernu guztiek izan zuten Zumalakarregiren berri. Europa osoan zabaldu zen Zumalakarregik, bere erregearen faltan –Ingalaterran zegoelako–, 1834ko apirilean, nola erabaki zuen errepublika federal bat egitea lau probintzietan. Europako egunkari guztiek jaso zuten hori, 40 bat datoz jasota liburuan. Denek zioten gauza bera. Erabaki hori gauza iraultzailea da. Europa osoa zen monarkia orduan; Suitza errepublika federala izateko hamalau urte falta ziren eta 40 urte Espainiako lehen errepublika aldarrikatzeko. Momentu hori klabea da. Hemendik pasa ziren idazle eta kazetari askok gertakari hori jaso zuten baina hemengo historialariek ez dute ezer esaten horretaz".

Jardunaldien balorazio ona egin dute antolatzaileek

45 bat herritar egon dira Esparzaren liburu aurkezpenean, Nabarraldeko Oñatiko taldeak antolatutako IzanGogoGara historia jardunaldietako azken ekitaldian eta antolatzaileak pozik daude, "gure historia geuk kontatzea" gura izan dutelako aurten ere. "Alde batetik historia bera kontatzea izan da aurten ere helburua. Gaur egun, egunean bertan egin behar dugunaren atzetik gabiltza eta ez dakigu gauza handirik iraganaz. Uste dugu beharrezkoa dela iragana ezagutzea gaur egun Euskal Herrian nola gauden ulertzeko eta kontatzea garrantzitsua da, baina geuk, geure ikuspuntutik", adierazi du Iñaki Idigoras Igartuak.

Inoiz baino ekintza gehiago egin dituzte aurten: lau liburu aurkezpen, irteera bat, dokumental emanaldi bat eta Habitat erakusketa. Izan duten erantzunarekin ere pozik daude antolatzaileak: "Ekitaldi batzuetan beste batzuetan baino jende gehiago egon da, baina betiko martxan egin dira denak. Habitat erakusketa seigarren aldiz ekarri dugu. DBH4ko ikasleendako prestatuta dago, erromatarren garaitik XIX. mendera arteko historiaren bisita gidatua da, argazkiz eta mapez betetako hamalau panel koloretsuen bitartez. Helburua da gazteei gaztetandik kontatzea geure historia". Historian interesa izanez gero horrelako jardunaldietara joateko gonbita egin du Idigorasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak