ALBISTEAK

Saltoka elkartea diruz laguntzeko eskaera onartu du udalbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko urtarrilaren 30a

Bost minutu iraun ditu urtarrileko osoko bilkurak eta aho batez onartu dituzten gaien artean, Saltoka elkarteari diruz laguntzen jarraitzeko eskaera.

Saltoka Elkartea Oñatiko desgaitasuna duten pertsonen senideen elkartea da. Desgaitasuna duten eta Oñatin bizi diren hainbat herritar joaten dira Bergarako Gureak lantegira lanera, eta desplazamendu horien gastuak diruz laguntzeko eskaera da Oñatiko Udalak urtarrileko osoko bilkura honetan aho batez onartu duena.

Oñati eta Bergara arteko autobus zerbitzu zuzena egon zen urteetan zerbitzu publikoa erabili zuten langile horiek etxetik joan etorria egitera. Kendu zutenean baina, 2017an, Udalak hartu zuen bere gain garraioaren ardura. Egoera luzatu egin zen, Udalak ez zuen lizitaziora atera zerbitzua herrien arteko garraioaren eskuduntza ez delako berea eta hala, linea zuzena jarri aurretik zegoen egoera bueltatu ziren, elkarteak kontratu zerbitzua eta Udalak diruz lagundu. 2021etik egiten dute horrela eta baita aurten ere; 26.000 euro pasako diru laguntza onartu du udalbatzak behar horretarako.

Gai horrez gain, sortzaile batzuk Olaburun lokala erabiltzen jarraitzeko eskaera, Matromai Etxabarri baserrirako ur-horniduraren memoria aurkeztea eta hezkuntza departamenduak kudeatzen dituen programen kontura emango dituen diru laguntzen oinarri eguneratuak zein 2026rako laguntzen deialdia egitea ere onartu zituen udalbatzak, aho batez, atzo, eguena, egindako urteko lehen osoko bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak