Udan hasi zituzten lanak, eta behin azpiegitura berrituta, adokinak jartzen ari dira egunotan. Bi zati nagusi izango ditu eremuak, eta lurrarekin bereiztu ahal izango dira; alde batetik lorategi eta kiosko gunean adokinak jarriko dira, teila edo okre koloreko galtzada-harria erabiliko da, trataera goxoa dutenak. Hirigintza batzordeburuak azaldu du otsailerako adokinak jarrrita egotea aurreikusten dutela, nahiz eta lan tekniko konplexua den: "Pieza batzuek lurrarekin egiten dute bat, beste batzuek asfaltoarekin; batzuk zuzen doaz, eta besteak kurban". Bestetik, frontoi arteko lurzorua asfaltatu egingo dute, aurrekoa ez zegoelako egoera onean. Astebeteko kontua izango dela eta lehengoa baino asfalto “goxoagoa” jarri nahi dutela adierazi du Iñigok. Atzerapenak egon daitezkeela aintzat hartuta , Aste Santurako amaituta egotea espero dute, apirila hasierarako.
Lazarraga parkearen kontrako harrizko paretan eskailerak egingo dituzte, jolas-elementu gisa erabiltzeko. Kioskoaren alde bateko hesia kendu dute, eta behealdean armaila modukoak sortuko dituzte, hasieran haurrek jolasteko eta etorkizunean kontzertu edo ikuskizunak hartzeko aukera emanez..
Irisgarritasuna erdigunean
Hirigintza batzordeburuak nabarmendu du proiektua ez dela soilik estetikoa: irisgarritasuna, ergonomia eta inklusibitatea izan dira ardatz nagusiak. Horren adibide dira banku berriak: hormigoizko blokeen gainean, adokinez estalita eta egurrezko eserlekuarekin. Azokako arrapala ere aldatuko dute, koxka kenduta eta irisgarritasuna bermatuz, “terraza estiloko” espazio bat sortuz. Lorategian, gainera, hesiak kendu eta zapalgarria izango den gune bihurtuko dute; bankuak barruan kokatukuz. Lorategitik frontoi aldera zeuden koskak ere kendu dituzte, pertsona fluxu nagusia handik zetorrelako; Elortzak azaldu du lorategiak moldatu eta eremu hori irisgarri bihurtzea dela helburua.
Alkateak azaldu du proiektua aurrekontu parte-hartzailetik sortu dela, eta Next Generation funtsetatik jasotako diru partida bat ere bideratu dela lan hauetara. Aurrekontuaren zati handiena azpiegituretara joan dela ere jakinarazi du.
Argiztapena eguneratu
Azkenik, plazako argiztapena eguneratuko dutela adierazi dute. Postea lekuz aldatuko da, lorategi barruan kokatzeko. Ostean, azterketa luminiko baten bidez fatxadako, arkupeetako eta plazako argiak eguneratuko dira. Azpiegitura guztiak berrituta daude, baina postearen aldaketa lizitazio prozesua amaitutakoan egingo da.