Oñati eta Tafallako euskaltzale gazteek "matx" egin dute Antixena gaztetxean

Koldo Zubia Salas 2026ko urtarrilaren 24a

Euskararen inguruko mahai ingurua 'Tindeher' ekimenaren baitan, Antixena gaztetxean.

EHE-ek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoen inguruan jarduteko, eta euskararen errealitate anitzen inguruko bizipenak partekatzeko helburuarekin sortutakoTindeher ekimenak, Oñatiko Aixotu eta Tafallako Gazte Asanblada elkartu ditu gaur, Antixena gaztetxean. Beste herri batzuetan egin bezala, egun osoko ekintzak antolatu dituzte euskararen bueltan, eta, nola ez, elkar ezagutzeko ere baliatu dute eguna.

Antixenako gaztetxean, mahai inguruan elkartuz hasi dute Tindeher eguna; EHE-ko kide den Intza Gurrutxega, Aixotuko Haizea Arregi, eta Tafallako Gazte Asanbladako Ainara Ortuetak hartu dute hitza. Solasaldian, ez dira Tafalla eta Oñatiko egoerak alderatzera mugatu, euskararen gaur egungo egoeraren hausnarketa ere egin dute; hizkuntza, arlo akademikotik at, kalean ere erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute esaterako. Bide horretan, aisialdian euskaraz mintzatzeko eremuak sortzeko "beharra" azaleratu dute, eta behar horri erantzuteko, agintariek eta komunikabideek duten garrantzia.

Kontzientziak "astintzea" helburu

Intza Gurrutxagaren esanetan, "behar horretatik" eta kontzientziak "astintzeko" sortu zen Tindeher ekimenaren ideia: "Hizkuntza eta nazio kontzientziak ahul daudela ikusi dugu. Hori indartzeko, Gazte Euskaltzaleen Sarearekin batera pentsatu genuen jada antolatuta zeuden gazte taldeetara jotzea, eta euren artean elkartzea". Gurrutxagak gaineratu du euskararen errealitatea tokian toki "aldatu" egiten dela, eta ipar eta hego Euskal Herriaren artean ere,"muga administratibo bat" dagoela harremanak "ahuldu" egiten dituena: "Harreman horiek geroz eta murritzagoak direla ikusi dugu. Horregatik, batetik, ipar eta hegoaren arteko harremanak indartzen saiatu gara, eta, bestetik, euskararen egoera oso desberdinak dituzten bi euskal talde batzen".

Egun osoko ekimena

Mahai inguruaren ostean, bazkaria egin dute, eta Tertulia batekin biribildu dute bazkalostea. Tertulia horretan, Oñatiko gaztetxearen nondik norakoen berri izan dute tafallarrek.  Amaitzeko, kontzertuak egongo dira 21:00etatik aurrera; Urretxuko Amaiur eta Olaiak kontzertu akustikoa emango dute, Oñatiko Zentzu Okerra taldeak joko du, eta, Tafallako DJ-ak ere izango dira gauean.

"Gustura" gelditu dira Tindeher-eko parte hartzaileak. "Errealitate soziolinguistiko ezberdinetako bi gazte talde elkartu dira. Uste dut, beste zitetan gertatu den bezala, oso ikuspegi desberdinak partekatzeko aukera izan dela", esan du Gurrutxagak mahai inguruaren ostean. Aixotuko kide den Haizea Arregi ere "pozik" gelditu da, baita, Tafallako Gazte Asanbladako Ainara Ortueta. "Euskararen egoera Tafallan ez da ona, baina ari gara pixkanaka aurrera pausoak ematen. Horregatik, asko eskertzen dugu horrelako espazio bat izatea, euskararen inguruan hitz egiteko", adierazi du Ortuetak.

'Tindeher' ekimenaren baitan elkartu diren Tafalla eta Oñatiko euskaltzale gazteak, Antixena gaztetxearen atarian.

Lehenengo edizioa amaituta

Datozen egunetan amaituko da Tindeher ekimenaren lehenengo fasea. Balorazio "positiboa" egin du EHE-k, eta, helburua da, fase honetan sortutako harremanak denboran luzatzea.  "Euskararen inguruan hausnartzeko espazio ez-formal interesgarri bat sortzeko aukera ematen du ekimenak. Jarraipena izan dezakeen proiektua dela uste dugu, eta, horregatik, parte hartzaileen iritziak jaso nahi ditugu, bigarren edizio bat egiterik dagoen ikusteko", amaitu du Gurrutxagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak