ALBISTEAK

Mugarri izango diren ekitaldiak zehaztuta, Aloñako eskubaloiaren 50. urteurrena ospatzeko

Mireia Bikuña 2026ko urtarrilaren 22a

Mende erdia, 50 urte, beteko ditu aurten Aloña Mendiko eskubaloi sailak, eta urte osoko egitarau zabala ari dira antolatzen urtemuga ospatzeko. Kirol hitzorduak izango dira gehienak, baina hitzaldiak, mahai inguruak eta bazkaria ere antolatu dituzte, adibidez. Eta kamisetak aterako dituzte.

Asmoa da hilean ekintza bat egotea, eta horretan ari dira. Lantalde propio bat sortu dute 50. urteurreneko ospakizunerako, jokalari ohiek eta eskubaloiari lotuta egon diren hainbat herritarrek osatuta, eta eurak ari dira dituzten asmoei forma ematen eta egutegiko datak lotzen. Lehen ekitaldia hilabete honetan bertan izango da: Asobal ligako partidu bat jokatuko da Zubikoako kantxa berdean urtarrilaren 31n; Irudek Bidasoa Irun eta Tubos Aranda Villa de Aranda arituko dira, nor baino nor gehiago, 18:00etan.

Etxeko partiduetan jende asko joan ohi da Zubikoara, eta Bera Bera taldeak jokatu zuenean ere lepo bete ziren harmailak. Zaletasuna badagoela ikusita, edukiera mugatu egin dute eta sarreren salmenta antolatu. "580 bat salduko ditugu: 60 zutik eta eserita gainerakoak. Hori izango da partidu guztiek izango duten lekua. Sarrerak, berriz, aurrez jarriko ditugu salgai: Aloña Mendi tabernan batzuk eta egunean bertan, leihatilan, beste batzuk. Urtarrileko partidurako, esaterako, eguaztenetik, 28tik, egubakoitzera egongo dira salgai tabernan. Prezioa bost euro izango da", azaldu du eskubaloiko presidente Iñaki Mendarozketak.

Mugarriak, zehaztuta

Ospakizun egitaraua itxi gabe dute oraindik, baina bai zehaztuta mugarri izango diren ekitaldi nagusiak. Asobal ligako partidu horrez gain, maiatzean, adibidez, Eskubaloi Egokituko Euskadiko Txapelketako finalak jokatuko dira Oñatin, inklusioa eta kirol egokitua ardatz hartuta. Hilabete berean, urteroko zita bihurtu den infantil mailako Corpus Txapelketa izango da; Euskadi, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko neska-mutilak lehiatuko dira. Uztailaren 4an, aldiz, herri bazkaria egingo dute. Egungo jokalariak, ohiak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak, laguntzaileak eta zaleak elkartzeko asmoa dute, eta egitarau propioa ari dira prestatzen bazkarirako. Aste Santu ostean jarriko dituzte salgai egun horretarako sarrerak; 600 izango da muga. Udazkenerako, berriz, Bera Bera taldearen zein emakumezkoen maila nagusiko euskal selekzioaren norgehiagokak dituzte aurreikusita antolatzaileek.

Jarduera horiekin, eskubaloi sailaren iraganari balioa eman eta etorkizunari begirako proiektua sendotzea dute helburu. Egun, hamabost taldetan banatuta dauden 241 jokalari federatu ditu sailak, 30 entrenatzaileren agindupean; zazpi taldetan ari diren 116 neska-mutiko eta bost entrenatzaile ari dira, aldiz, Eskubaloi Eskolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak