Hilerriko langileen lan arriskuak prebenitzeko, aurrerantzean goitik sartuko dira gorpuak Oñatiko kanposantuko alde zaharrean dauden hilobietan. Hori horrela izateko, baina, gutxieneko tamaina edo neurri izan behar du zuloak eta hilobi guztiek ez dute hori betetzen, beraz, obrak edo egokitzapenak egin beharko dituzte. Bestalde, hilobien emakida edo kontzesio asko iraungita daude eta egoera hori ere eguneratu beharra du Udalak.
Gorpuen hilobiratzeak egiteko, sepultura barrura sartzen da lurperatzailea, behetik, Oñatiko kanposantuko hainbat hilobitan, alde zaharrean eta hura handitzeko egindako zatian daudenetan, zehazki. Hori, baina, langileendako ez dela segurua dioen txostena jaso du Udalak lan arriskuen prebentzioaren batzordetik, eta arrisku horiek ekiditeko era gorpua goitik, garabi baten laguntzarekin, sartzea dela egokiena ondorioztatu. Hori egiteko, baina, gutxieneko neurri eta tamaina izan behar du goiko zuloak, hilkutxa zulora sartzeko, eta hori ez dute betetzen hainbat hilobik. Beraz, obrak egin beharra dute neurri horietara egokitzeko. Bestalde, goiko hilobi gaineko harlauza lodia bada, beste lan batzuk egin beharko dira meheagoa izan dadin, pisua kendu aldera.
Arazo honek kanposantuko alde zaharrari eta haren luzapenari eragiten dio; 300 bat hilobiri, gutxi gorabehera. Horiei guztiei bidali die eskutitza Udalak, baina argi utzi gura izan du obra bera ez dela derrigorra egitea; soilik gorputza sartu gura izanez gero egin behar dira lan horiek. Errautsak sartzea erabakita izanez gero, ez dago egin beharrik, errautsen kutxa barrura sartzean ez du arriskuan jartzen hilerriko langilea. Beste aukera bat da Udalaren nitxoetan sartzea gorpua.
Kontzesioak eguneratu behar dira
Lan arriskuen prebentziorako txostenak ekarri duen egoera honekin, gainera, hilobiak eguneratzean ere gurako luke Udalak. Izan ere, kanposantuko alde zaharrean dauden panteoi eta kaperen emakidak iraungita daude. 75 urterako emakida edo kontzesioak ziren, iraungita daude eta berritu egin behar dira. Hori egiteko eskutitzak bidaltzen hasi zen Udala udan, eta apirilera arte luzatu du epea, oraindik asko falta direlako eguneraketa hori egiteko. Gertatu da familia batzuk gorpu berri bat hilobiratzeko baimena eskatu dutenean jakitea emakida iraungita dutela, eta arazoak izan dituzte baita ere panteoia egokitu gabe zutelako. Udalak garabi bat erosi du gorpuen lurperatzeak goitik egiteko; obrak eta kontzesioak herritarrak ordaindu behar ditu.
Udaletxeko herritarren arreta zerbitzura joan eta eska dezake herritarrak berari dagokion informazioa. Apirilera arteko epea jarri du Udalak hilobien emakida denak eguneratzeko.