Elkar Hezi ikastetxeak ikas-komunitatearekin ospatu du 25. urteurrena

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 17a

Martin Jauregialzo irakaslea, urteurreneko ekitaldian izan zirenei ongietorria egiten.

Elkar Hezi ikastetxeak 25 urte bete ditu, eta urteurren berezi hori ospatzeko urte honetan zehar, hainbat ekintza egingo dituzte. Lehenengoa, egubakoitz iluntzean egin zuten, eskolan bertan. Ikas-komunitatea osatzen duten egungo ikasleak, gurasoak, irakasleak edota garai batean ikasle edo irakasle izandakoak eta gertuko beste hainbat lagun elkartu ziren.

Behebarrua izenez ezagutzen den gunean egin zuten urteurreneko irekiera ekitaldia Elkar Hezin. Paretetan, besteak beste, lehengo eta gaur egungo argazkiak jarri zituzten eta bertan izan zirenek gustura ikusi zituzten. Ikasleen orlak ere ikusgai zeuden, baita urteotan antolatu dituzten askotariko ekintzen kartelak edota Elkar Heziren kontuak agertzen diren aldizkariak ere. Nola ez, photocall-a ere jarri zuten, askotariko osagarriak jantzi eta bertan argazkiak ateratzeko.

Elkar Heziko hainbat ikasle ohi izan ziren ekitaldian, eta aspaldiko partez zapaldu zuten berriro euren ikastetxe izandakoa. Bertako irakasle izandakoak ere izan ziren ekitaldian eta oroitzapen politak dituztela esan zuten.

Urtean zehar, hainbat ekitaldi

Euskara, kultura eta urte hauetan guztietan lan egin izan duten lan-eremuarekin lotuta, askotariko ekintzak egingo dituzte urtean zehar, 25. urteurrena ospatzeko. Esaterako, martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren bueltan, asmoa dute emakume zientzialarien inguruko hitzaldi bat antolatzeko eta bertan parte hartuko dute garai batean ikastetxeko ikasle izan ziren eta gaur egun zientziaren munduan lanean ari diren emakumeak.

Erlazionatuak

Elkar Heziko urteurren ekitaldia iruditan

Amaia Txintxurreta Guridi urt 17, 16:03 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak