ALBISTEAK

Itxuraberritu egin dute Olakua auzoan orain arte egon den urmaelaren gunea

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 15a

2025eko urtarrilaren 27an onartu zuen Udalak proiektua, eta, Izaro Elorza Oñatiko alkateak azaldu duenez, proiektua abiarazi zuten, auzotarren eskaeraz, gunean zegoen mantenu faltari aurre egiteko eta urmaelak inguruan eragiten zituen hainbat arazoei konponbidea emateko.

Urte batzuk zeramatzaten Olakua auzoko urmaelen gaiari heldu nahian, eta, gaia aztertu ondoren, urmaela hustutzea izan zen Oñatiko Udalak hartutako ondorio nagusia. "Bertan ahateak ez daude, eta horrek ekarri du mantenu eza. Auzotarrekin hitz eginda ikusten zen gune hau egokitu beharra zegoela. Ikusten genuen landarezia aldetik kontrolik gabeko hazkunde bat zegoela, horren ondorioz animali marruskariak agertzen zirela, eta itoginak ere bazeudela", esan du Elorzak. 

Uztailetik abendu erdialdera arte iraun dute obrak, eta, jada amaituta, gaur gaurkoz, ura hodien bitartez bideratzen da eta bi putzuen lurrak hormigoiz bete dira bertan erabili ahalko diren "gune aprobetxagarriak" egiteko. Hala, harrizko ormak zeuden bezala utziz, "jatorrizko egitura" mantentzen saiatu direla adierazi du Elorzak: "Alde batetik egin duguna da errepidera eramaten duen zati horretan hesiak mantendu ditugu segurtasuna bermatze aldera, baina, bestalde, helburua gune hau gainontzeko Olakuako espazioekin integratzea zen. Horrela, egin dena da beste hesia kendu. Nolabait, gune eta bide batzuk irisgarriagoak izan daitezen eta horiek herritar denen eskuragarri egoteko". 

Espazioa "aprobetxatzea" helburu

Proiektuaren bitartez, urez hustean sortu zen espazio hura aprobetxatu nahi izan du Udalak. Hala, alkateak azaldu duenez, mailakatutako eserlekuak jarri dituzte eserlekuak erabiltzeko eta baita beheko guneko espazio guzti hori aprobetxatzeko. "Aukera desberdinak zabaltzen dira. Batetik, egoteko lekua izan daitekeelako, eta, bestetik, bertan ekintza desberdinak sortu daitezkeelako. Herritarrek sortutakoa, momentukoa, jolaserako erabilitakoa, edo nork daki, etorkizunean ekitaldi txikiak ere antolatzeko leku bat izan daiteke". 

Aisialdi guneko lanak ez dira amaitu, izan ere, landareak jarriko dituzte leku "atseginago bat egiteko". Gunea klima babesleku bat izatea da helburua, eta, horretarako, tamaina txikiko eta ertaineko zuhaixkak landatuko dituzte: batetik, "gune berde" bat izateko, eta, bestetik, bero garaietan ere bertan egoteko gune atsegin bat izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak