ALBISTEAK

Foru Aldundiko Diputatuen kontseilu ibiltaria Oñatin bildu da

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko urtarrilaren 13a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hemeretzigarren bilkura ibiltaria eraman du aurrera eta Oñatin egin du geldialdia gaur goizean. Erakundearen jarduna lurralde osora eta herritarrengana gerturatzeko asmoz, Gipuzkoako Artxibo Historikoan batu dira. 

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak legealdi hasieran erabaki zuten Gipuzkoa Plazatik, Gipuzkoako Plazetara pasatu nahi zutela  eta hala egin dute. Oñatikoa hemeretzigarren batzar ibiltaria izan da. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu elkarlana sustatzeko gogoa eta bordonatea badutela, eta espazio partekatuek hori ahalbidetzen dutela. Ohiko batzarrak desentralizatu eta herritarrengana hurbiltzeko tartea hartzen dute ekimen hauetan, tokiko egoera, kezka eta erronkak gertutik ezagutuz. 

Ohiko Kontseiluko batzarraren ostean foru diputatuek, Izaro Elortza, Oñatiko alkatearekin batera Gipuzkoako Artxibo Historikoko instalazioak bisitatu dituzte. Ramon Martin Gipuzoako Artxibo Historikoaren arduraduna izan dute gidari eta bi aldeak oso eskertuta agertu dira; batetik, beraien lana balioan jartzeagatik eta bestetik, egiten duten lanak Gipuzkoako historia denboraren poderioz nola osatu den ezagutzeko balio izan duelako. Eider Mendozak hala azaldu du: "Izan ginen zerbaitengatik eta izaten jarraitu nahi badugu: lanean jarraitu beharra dago. Bidea ezagutzeko, historia ezagutu behar dugu". 

Ongizate Plaza Bergaran

Horrez gain, diputatu nagusiak gogora ekarri du aste honetako eguen eta egubakoitzean Ongizate Plaza eramango dela aurrera Bergarako Seminarixuan; ongizate integralari buruz hitz egiteko gune irekia izango da. Egun osoko egitarauak prestatu dituzte eta herritarrak gonbidatzen dituzte komunitatean hausnartzera eta elkarlanean bizitza osoagoa eraikitzera, entzute aktiboa eta konpromiso kolektiboa oinarri hartuta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak