ALBISTEAK

Datorren astelehenean hasiko dituzte Sancti Spiritus Unibertsitatea birgaitzeko lanak

Txomin Madina Milikua 2026ko urtarrilaren 13a

Gipuzkoako Foru aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak antolatuta, birgaitze proiektua herritarrei azaltzeko saioa egin dute. Lehen faseko lanak bi zatitan banatu dituzte: lehenengoan fatxadetan, teilatuan eta estalkietan esku-hartuko dute; bigarrenean, turismo bulego berria, larrialdietako eskailerak eta igogailua egingo dituzte.

Urtarrilaren 19an, hau da, datorren astelehenean hasiko dira Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea birgaitzeko lanak. Hori horrela, Gipuzkoako Foru aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak antolatuta, birgaitze proiektua herritarrei azaltzeko saio egin zuten atzo arratsaldean unibertsitatean bertan. Bertan hartu zuen hitza, besteak beste, aipatutako departamenduko foru diputatu Azahara Dominguezek: "Oñatiko Unibertsitatea, balio arkitektoniko handiko eraikina izateaz gain, Gipuzkoako ikur historiko eta kultural handia bat da. Horregatik, albiste ezin hobea da datorren astelehenean birgaitze lanei hasiera ematea. Aldunditik argi dugu gure ondarea zaintzea beharrezkoa dela, horrek lurralde moduan definitzen gaituzten balioak bermatzen dituelako".

Tabuenca & Leache Arquitectos enpresak idatzi du birgaitze proiektua, eta proiektu horren lehen faseko lanak izango dira orain egingo dituztenak. horretarako, Europako Next Generation funtsaren bidez  lortutako hiru milioi erabiliko dira.

Lehen faseak bi zati

Aipatutako lehen fase horrek bi zati ditu. Lehenengo zatiko lanekin, hau da, astelehenean hasiko direnekin,  kanpoko zein klaustroko fatxadetan, teilatuan, estalkietan eta euri urak biltzeko sisteman esku-hartuko dute. Lan horiek 2,3 milioiko aurrekontua dute eta Teusa Tecnicas de Restauracion enpresak egingo ditu.

Fatxadaren jatorrizko itxura berreskuratu gura da, eta ondorioz, baliteke azken hamarkadetan ezagutu izan dugun harrizko fatxadak aldaketak izatea; izan ere, eraiki zutenean, diseinua ez zen horrelakoa. "Hainbat simulazio egin ditugu, eta ikusi dugu komenigarria dela jatorrizko egoera historikora itzultzea. Batetik, arrazoi estetikoagatik, fatxadan landuta dauden zati garrantzitsuei duten balioa emateko. Eta bestetik, zorroztasun historikoagatik. Baliteke duela hainbat hamarkadatatik ohituta gauden itxurarekiko aldaketa nagusiena hor ikustea", azaldu du proiektua egin duen enpresako Fernando Tabuencak. Dena den, erabakitzeke dago birgaitzeen osteko itxura zelakoa izango den.

Turismo bulego berria

Lehen faseko bigarren zatiko lanekin, bestalde, turismo bulego berria, igogailua eta larrialdietako eskailerak egingo dituzte, eta horiekin ere laster hastea da asmoa, Gipuzkoako Aldundiko Arkitektura Zerbitzuko buru Ainara Sagarnaren esanetan: "Orain esleituko dira lan horiek eta legez dauden prozedura guztiak betetzeko, gura edo ez, hilabete pare bat behar dira esleipena egiteko. Behin esleitutakoan hasiko dira bigarren zatiko lanak, lehenengo zatikoekin batera egingo direnak. Pentsatzen dugu egin beharreko lan guztiak uda bukatu arte luzatuko direla". 

Lanek egin bitartean, gaur egun unibertsitatean kokatuta dauden Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeko zein IVAPeko langileak Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egingo dute lan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak