ALBISTEAK

Abenduaren 21ean egingo dute 'Hator hator 2025' kontzertu solidarioa

Julen Murua Mesonero 2025eko abenduaren 16a

Kontzerturako sarrerak doakoak dira eta salgai daude dagoeneko Txokolateixan. Kontzertu solidarioa denez, itxulapikoak egongo dira frontoiko sarreran ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenentzat.

Abenduaren 21ean, domeka, urteari bukaera emateko kontzertua egingo dute Ganbara abesbatzak, Hots Abesbatzak, Oñati Abesbatzak, Oñatiko musika bandak eta Oñatiko banda gazteak. 12:30ean izango da kontzertua Zubikoako frontoian. "Kontzertuak hainbat zati izango ditu, talde bakoitzak pare bat pieza joko ditu, normalean bakoitzaren errepertoriokoak izaten dira eta denetik egoten da; aberastasuna ematen dio horrek kontzertuari. Tutti erraldoi batekin amaituko dugu eta aurten Oscar Navarroren El ilustre marino pieza aukeratu dugu", azaldu du Aitor Biain Bidarte musika zuzendariak.

Oñati abesbatzakoentzat kontzertu berezia izango da aurtengoa; izan ere, abesbatzak 60 urte beteko ditu 2026an. Hori ez ezik, abesbatzako zuzendari Mirengu Plazaolak ere 10 urte bete ditu abesbatza zuzentzen, eta kontzertu berezia izango da harentzat abenduaren 21ekoa: "Duela hamar urte hasi nintzen Oñati Abesbatza zuzentzen, eta duela hamar urte Hator hator proiektuan parte hartzen hasi nintzen. Azkenean, hamar urte igaro dira lehenegoz zuzendu nuenetik".

Kontzerturako sarrerak doakoak izango dira eta dagoeneko eskuragarri daude Txokolateixan. Antolatzaileek herritarrei eskatu diete Zubikoara garaiz gertura daitezen frontoiko sarreran arazorik egon ez dadin.

Kontzertu solidarioa

Azken urteetan gertatu bezala, kutsu solidarioa izango du aurtengo kontzertuak ere, eta Oñatiko Misio Taldeko kideek itxulapikoak jarriko dituzte sarreran, ekarpena egin nahi dutenentzat. "Aurten jasotako dirua joango da Ginea Konakryn, Dhaguellen, dugun proiektu berri batera. Orai arte, Oñatiko Misio Taldeak bi proiektu gauzatu ditu Dhaguellen; alde batetik, Oñati izena duen eskola bat sortu genuen, eta, bestetik, martxan dago emakume gazteek lana egiteko toki bat. Proiektu berria osasun-zentro bat izango da" azaldu du Misio Taldeko kide Arantzazu Saizek. Zentroak osasun zerbitzua emango dio eskualde handi bati, eta proiektuaren aurrekontua "40.000 euro ingurukoa" izango dela adierazi du Saizek.

Osasun-zentroa izateko "behar handia" dutela dio Misio Taldearekin elkarlanean dabilen Mamadou Adamak; izan ere, "gaur egun gertuen dagoen osasun-zentroa 48 kilometrotara dago eta hara iristea oso zaila da. Oñatiko herriaren laguntzarekin osasun-zentroa beste herri baten eraikitzea da asmoa, pertsonen bizitzak jokoan daude-eta", azaldu du Adamak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak