EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak bere azken liburua aurkeztu du Oñatin

Amaia Txintxurreta Guridi 2025eko abenduaren 3a

Soziologia Juridikoaren Institutuko liburutegian egon da EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea 'Will the EU Survive Populist Nationalism?' liburua aurkezten. Adierazi du Oñati aukeratu duela aurkezpenerako, haren etxea dela sentitzen duelako eta EHUren aitzindari izan zen Euskal Herriko lehenengo unibertsitatearen egoitza izan zelako Oñatikoa.

Mugimendu populistek, eta estatu nazionalistek sustatzen dituzten populismoek, Europaren integrazioa zenbateraino mehatxatzen duten aztertu du EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak Will the EU Survive Populist Nationalism? liburuan; azken hamarkadako europar integrazio prozesuaren inguruko gogoeta bat dela laburbildu du.

Hain justu, azken hamarkadan agertu diren populismoaren adibide jarri ditu Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek adierazi izana Ameriketako Estatu Batuak izorratzeko sortu zela Europar Batasuna, Brexita gauzatzeko sortu zen populismoa edo Europaren integrazio prozesuaren baitan sortu direnak Frantzian, Herbehereetan, Alemanian zein Ekialdeko estatu batzuetan. EHUko errektoreak azaldu duenez, nazio ikuspegi horretatik estatu subiraniaren inguruko mehatxua ikusten badute, horrek esan nahi du Europar Batasunak badaukala eraginkortasuna eta liburuan horixe balioan jartzen saiatu da.

Esan du gainera, horren adibide liratekeela Europak egindako urratsak sistema juridikoen integrazioan edo ekonomia integrazio areagotuan, pandemian edota Ukrainako krisian ikusi den moduan.

Inbertsioa unibertsitatetan eta ikerketan

Aurrera begira, Ameriketako Estatu Batuekin lehiakorrak izateko, Europak ikerketan eta unibertsitatean egin beharreko inbertsioetan jarri du fokua: "Gobernantza eta estatuen arteko erlazio federaletan ikusmira eta ideia oso berriak ekarri ditu Europar Batasunak. Baina urrats handiagoak eman behar dira, esaterako, ikerketan eta unibertsitateen finantzazio publikoa sendotzeko eta AEBrekin lehiakorragoak izateko". 

Errektoretza bilera

Aurkezpenaren ostean, EHUko errektoretza taldeak asteroko bilera egin du unibertsitatean bertan. Urtebete igaro da Bengoetxeak EHUko errektore kargua hartu zuenetik eta azaldu du "lan-dinamika berria errotzea lortu" dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak