Urtebeteko egitaraua, Oñati Abesbatzaren 60. urteurrena ospatzeko

Mireia Bikuña 2025eko abenduaren 2a

Kontzertuak, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak egingo dituzte. Abenduaren 20ko Gabonetako kontzertua izango da urteurrenaren lehen ekitaldia; eta oso berezia, bi arrazoirengatik: abesbatzaren 60. urteurrenaz harago, ekitaldi horretan, hamar urte beteko dira Mirengu Plazaolak taldea lehen aldiz zuzendu zuenetik.

Oñati Abesbatzaren presidente Xabier Zelaiak, zuzendari Mirengu Plazaolak, eta Oñatiko Udalako kultura zinegotzi Iñaki Olaldek aurkeztu dute 2026rako egitarau zabala. Kontzertuak, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak aurreikusten dituzte, abesbatzaren urtemuga berezia ospatzeko. "Egun berezia da guretzat, 60 urte ez dira beti betetzen. Gaurdaino heldu gara, lagun askori esker: Agustindarrei, Esteban Irustari, Xabier Ugarteri, Joxe Fernandezi, taldeko kideei, etxekoei... Eskerrik asko", esan du Xabier Zelaiak.

60. urteurrena ospatzeko ibilaldia Udala izango dute bidelagun. "2026ko aurrekontuetan partida berezi bat edukiko dugu Oñati Abesbatzaren 60. urteurrena ospatzeko. "Halako elkarte batek halako ibilbidea duenean, aintzat hartu behar da. Are gehiago, abesbatza bizirik dagoela ikusi ezkero. Guri, udal moduan, erantzutea eta laguntzea dagokigu, beraien esku ahalik eta baliabide gehienak ipintzeko", esan du aurkezpenean.

Hitzorduak

Oñati Abesbatzaren zuzendari Mirengu Plazaola izan da egitarau aurkeztu duena. Abenduaren 20ko Gabonetako kontzertuarekin hasiko dute ibilbidea, eta 2026ko urriaren 17an egingo duten kontzertu bereziaren artean (organo jolearekin eta ganbera-orkestra batekin) beste lau hitzordu nagusi izango dituzte: Suhar Koruarekin egingo duten Bakoren izpiritutik kontzertua (martxoak 14), Ibaiertzekin egingo duten elkartruke kontzertua (martxoak 26), Jose Antonio Azpiazuk idatzi duen Oñati Abesbatzaren historia liburuaren aurkezpena (apirilak 21); eta Cerebro y musica hitzaldia Gurutz Linazasororekin (apirilak 28). "Oso gogotsu gaude. Hurrengo urteko emanaldiak prestatzeko, materiala taldekideen eskura ipintzeko eta entseguekin hasteko lan mardula egin behar izaten da aurretik. Baina, taldeko kideek duten indarrarekin eta gogoarekin, askoz errazagoa da", esan du Plazaolak.

46 kide

Oñati Abesbatza 46 kidek osatzen dute egun, eta helburu musikalak, humanistikoak eta sozialak ditu. 1966an hasi zen lanean eta Tolosako lehiaketan parte hartu zuen. Patxi Anduaga, Imanol Murua, Loli Ordorik eta Mirengu Plazaola izan ditu zuzendari lanetan.

2023an kide berriak sartzeko kanpaina egin zuen, eta ezustean, hamar ahots berri batu ziren taldera. 2026an ere egingo dituzte ate irekiak, kide berriengana heltzeko: martxoaren 12an izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak