Gaur egun asko entzuten da zinema, eta, bereziki euskal zinema, loraldian dagoela, eta hori baieztatu Jose Luis Rebordinosek, Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, Oñatin, Goienagusik antolatutako hitzaldian.
Izan ere, esan du bai pelikulen kalitateari dagokionez eta baita kantitatea kontuan hartuta ere, egoera oso ona bizi duela. Hori zergatik? Hemen arrazoietako batzuk: "Euskal zinemaren kasuan, denbora batean liskar publikoa egon zen erakundeen, ETBren, eta besteak beste, euskal ekoizleen artean. Baina egun, ikusten da mundu guztia norabide berean doala. Hau da, desberdintasunak badaude, baina barruan konpontzen dira. Baina bada, berriro diot, funtsezko eragileen arteko lan oso bat, hala nola, Eusko Jaurlaritzarena, ETBrena, edota ekoizleen elkarteena. Zinemaldiak ere proiektatzen ditu euskal pelikulak mundura, eta horrek guztiak eragin du euskal zinemak inoiz izan ez duen presentzia izatea".
Esaterako, aurtengo Donostiako Zinemaldian 254 film eman dituzte, horietatik 38, euskal ekoizpenekoak. Eta sail ofizialean egon dira hiru euskarazko lan. Hori oso garrantzitsua dela azpimarratu du Rebordinosek: "Moriartiren Maspalomas lehian zegoen, Asier Altunaren Karmele zegoen lehiaketaz kanpo proiekzio berezi batean, eta beste proiekzio berezi batean zegoen Koldo Almandozen Zeru Ahoak seriea. Hori ez da normala Donostia bezalako nazioarteko lehen kategoriako jaialdi batean, Ekoizleen Federazioaren FIAP-en sail ofizialean euskarazko hiru film egotea, uste dut gure zinemarekin zorioneko egoteko modukoa dela".
Aitor Arregi zinegile oñatiarra kide den Moriarti produkzioak-ek eta Bergarako Asier Altuna zinegileak orain artean egin duten lana nabarmendu du Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta gaineratu du etorkizun oparoa aurreikusten duela euskal zineman: "Uste dut sormenezko euskarazko zinemaren une egokia bizi dugula eta, gainera, datozen urtetan oso proiektu garrantzitsuak daudela. Datorren urterako, gutxienez, bi film indartsu izango dira; David Perez Sañudo-ren El Sacamantecas edota Koldo Almandozen euskarazko film berria ere egongo da. Hau da, ez dela geldituko pentsatzeko aukerak daude".
2011. urtetik da Donostiako Zinemaldiko zuzendari Rebordinos eta datorren urtean egingo du kargu horretan azkeneko urtea. Orain artean bizi izandako bitxikeriak ere partekatu ditu Oñatiko hitzaldian.
Urtarrilean, Asier Altuna
Moriartiko kide den Aitor Arregi aurretik egonda dago Goienagusikoendako hitzaldia ematen, eta urtarrilaren 7an, Asier Altuna Bergarako zine zuzendaria izango da Goinagusikoekin horrelako beste hitzaldi batean.