Kulturakortasuneko bizikidetza sustatzea eta errealitate migratzaile ezberdinak ikustaraztea dira Erei Elkartasun Elkartearen helburuak, eta, horren baitan, Arantzazu Zubeldiak, elkarteko kideak azaldu duenez, askotariko jarduerak eramaten dituzte aurrera; eskoletan, eta, baita kultura etxeetan ere. Kasu bakoitza errealitatea bizi duten pertsonen bitartez erakutsiz.
Mariama Niang Syliak atzerritartasun lege berriaren egoeraren inguruan egin zuen berba; eta legearen alde onak eta txarrak azaldu zituen: "Atzerritartasun legeak aurreko araudiko ia alderdi guztiak aldatu ditu. Alderdi praktikoan jartzen dut fokua; jendearengan eragin handiena duten puntuetan: familia-sustraiak eta familia berrelkartzeak. Eta baita bosgarren xedapen iragankorrean; azkenean gaur egun gehien ikusten den kasua baita".
Lege berriak atzerritartasuna eskatzeko epean edota laguntza ekonomikoen kasuan onura batzuk dituela azaldu zuen Niangek, baina, hala ere, informazio falta handia dela nabarmendu zuen abokatuak: "Azken hilabeteetan argibideen arabera aldatzen joan den araudia da, eta oinarri bat izan arren, baina gero kriterio desberdinak dituzten lau argibide daude, legea argitzen joan direnak. Azkenean hori zailtasun bat da legea aplikatzeko eta ulertzeko unean".
Hitzaldia amaitu ondoren, atzerritar guztiei eta dokumentazioa erakutsi dezakeen orori zuzendutako gomendio argi bat eman zuen hizlariak: Ez itxarotea eta dokumentazioa eskuratzeko esperientzia duen jendearen aholkuak jasotzea.