2014an kaleratu zuten Roberto Altunak, Kepa Elortzak eta Koldo Zumaldek egindako Oñatiko euskeria liburua, besteak beste, hiztegi bat jasotzen zuena. Orain, hamarkada bat baino gehiago pasa denean, Altunak hiztegiaren bigarren edizioa ondu du, aurrekoaren bertsio hobetu eta osatua. "Errenkura edo akatsa batzuk zituen eta horiek zuzendu ditut, baita interesgarriak izan zitezkeen beste berba batzuk sartu ere. Adibide gehiago jarri ditut eta erdaldunen batek irakurriz gero ulertu dezan, gaztelerazko itzulpenak ere gehitu ditut. Era berean, egin dudan beste gauza bat izan da da hitanozko forman gizonezkoen eta emakumezkoen hitanoa, biak erabiltzea", azaldu du Roberto Altunak.
Iaztik erretiratuta dagoen Oñatiko Udal Euskaltegiko irakasle ohiak urtebete eman du bigarren edizioa osatzen; bere esanetan, ordu asko eskatu dizkion zeregina, baina jendearen laguntzarekin burutu duena. Eta Altunak gaineratzen du haietan egiten den euskararen oinarrian ere bizkaiera dagoenez, Oñati inguruko herrietarako ere baliagarria izan daitekeela 142 orrialdetan zehar 3.216 sarrera jasotzen dituen hiztegia.
PDF formatuan eskuragarri
Euskara batuaren ondorioz herrietako aldaerak baztertzeko joera egon dela iritzita, horien balioa eta erabilera aldarrikatzen ditu Roberto Altunak: "Benetako altxorra dugu, gauza ederrak, hiztegi, aditz esaera mailan erabili daitezkeenak. Ez dut esan gura dena erabili behar dugunik; baina, ipuin bat idazterakoan, adibidez, zergatik ez sartu bertako lexikoa?".
Oñatiko euskeria liburuko hiztegiaren bigarren edizioa ez dute formatu fisikoan kaleratu, baina edozeinek eskuratu dezake PDF formatuan Oñatiko Udalaren webgunean. Iberba Aholkularitza Zerbitzuaren berbategia.eus webgunean ere kontsultatu ahal da.