Euskararen aldeko "Pizkunde berri baten abiapuntua" aldarrikatu dute Arantzazun

Mireia Bikuña 2025eko azaroaren 6a

Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaltzaleon garaia da izeneko adierazpena aurkeztu du Arantzazuko Santutegian; eta abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den ekitaldirako dei egin dute, "itxaropena eta ekimena uztartuz euskararen aldeko Pizkunde berria bultzatzeko". 

Euskaltzale ezagunek bat egin dute Arantzazuko Santutegian egindako agerraldian: Kontxita Beitia andereñoak, Miren Azkaratek, Mertxe Mujikak, Kike Amonarrizek, Lorea Agirrek eta Paul Bilbaok. Gainera, atxikimendua eman dute Mari Karmen Garmendiak, Anjeles Iztuetak, Xabier Euzkitzek, Paulo Agirrebaltzategik, Sagrario Alemanek, Martxelo Otamendik eta beste hainbatek. Arantzazun elkartu dira, "toki honek euskararen eta euskaltzaletasunaren historian izan duen garrantzia kontuan hartuta".

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu du hitza, eta Euskaltzaleon garaia da manifestua irakurri du.  XIX. mendetik XX.erako mundu aldaketan, "Lore Jokoak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortu zituzten euskaltzale haien guztien ekina" azpimarratu du. Eta "Zaldubirena, Larrekorena, Orixe, Lizardi, Lauaxetarena, eta, nola ez, emakume izateak zailtasunak erantsi zizkien Errose Bustintza, Tene Mujika eta Elbira Zipitriarena. Eta horiekin batera, eguneroko bizimodu txiki baina funtsezkoan milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez, zigor eta gutxiespenei aurre eginez, euskarari mundu bat ematen segitu zutenena" gaineratu.

Itxaropena

Itxaropena berba erabili du hainbatetan Eskisabelek. "Itxaropenik gabe ezin baita ulertu lehen Pizkunde hura eten zuen olatu totalitario ilunari aurre eginez euskarari bigarren Pizkunde bat eman dion euskaltzaleen jarduna. Itxaropenerako dei hori egitera gatoz berriro Arantzazura, Pizkunde horren parte izandako hainbat euskaltzale lagun hartuta. Euskaltzaletasunaren itxaropena zabaltzera, euskaltzaleon garaia dela esatera. Baina itxaropena ez da zain egotea. Itxaropena, euskaltzale horiek denek erakutsi diguten bezala, egitea da. Beraz, ekiteko garaia da. Azken hamarkadetan egindako bideari zintzo begiratu eta ondo zein gaizki egindakoetatik ikasi eta bide berriak abiatzekoa. Egungo erronkei kementsu heltzekoa", esan du.

Euskararen etorkizuna "jokoan" dagoela azpimarratu du eta "berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri eta euskarari Pizkunde berri bat emateko unea" dela. "Eguneroko milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez, baina ahaztu gabe herritar bakarkakoen jardun horren gainetik euskararen normalizazio eta biziberritzeak ezinbesteko dituela erabaki politikoak: ofizialtasuna behar duela euskarak Iparraldean eta Nafarroa osoan, eta hesia jarri behar zaiola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oldarraldi judizialaren bidez gertatzen ari den desofizializazio prozesuari", gaineratu du.

Abenduan, Bilbora

Hala, abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den ekitaldira gonbidatu ditu euskaltzale guztiak: "Elkarrekin arnasa hartuz, isiotu dezagun Pizkundearen lehen txinparta. Euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz. Euskaltzaleon garaia da!".

Ekitaldian egon direnen zerrenda

Kontseiluko zuzendaritzako kideak

  • Idurre Eskisabel – Idazkari nagusia
  • Aize Otaño – AEK
  • Julen Arrizabalaga – Elkar
  • Nekane Artola – Euskal Herriko Ikastolak
  • Ainara Lasa – Berria
  • Amaia Zarrabeitia – Elhuyar
  • Jasone Mendizabal – Taupa Mugimendua
  • Joxerra Olano – IKA
  • Sebastian Castet – Euskal Konfederazioa
  • Intza Gurrutxaga - EHE Euskal Herrian Euskaraz

Euskalgintzako ordezkariak

  • Aitor Bengoetxea – UEU Udako Euskal Unibertsitatea
  • Amaia Balda eta Ainhoa Lasa – Emun
  • Laida Begiristain eta Marian Bidegain – Maizpide Euskaltegia
  • Haritz Azurmendi – Jakin
  • Gotzon Gomez, Asun Elorriaga eta GemmaTelletxe – Gerediaga Elkartea
  • Joxepa Madariaga eta beste bat – Gerriko Elkartea
  • Gorka Torre – Euskal Konfederazioa
  • Martin Aramendi – UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea

Erreferentziazko euskaltzaleak

  • Kontxita Beitia – Andereñoen Mugimenduko aitzindaria
  • Miren Azkarate – Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua (2001-2009)
  • Kike Amonarriz – Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari ohia
  • Mertxe Mujika – Jakin aldizkariko zuzendaria
  • Paul Bilbao – Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia
  • Baionako Etxepare lizeoko ikasleak eta Azterketak Euskaraz! mugimendua

 Bertaratu gabe atxikimendua eman duten erreferentziazko euskaltzaleak

  • Mari Karmen Garmendia – Hizkuntzalaria eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura Sailburu izana (1995-2001)
  • Paulo Agirrebaltzategi – Jakin pentsamendu aldizkaria sortu zuen taldeko kidea
  • Sagrario Aleman – Euskaltzain osoa eta helduen euskalduntze-alfabetatze eremuko aitzindaria
  • Xabier Euzkitze – Kazetari ezaguna
  • Anjeles Iztueta – Matematikaria eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izanak
  • Martxelo Otamendi – Egunkaria-ko eta Berria-ko zuzendari ohia
  • Edurne Brouard – Helduen euskalduntze-alfabetatzeko erreferentea
  • Jakes Bortairu – Iparraldean euskararen aldeko milaka borroketan engaiatuak
  • Juan Kruz Lakasta – Kazetaria eta Iruñerriko Euskalerria Irratiko koordinatzailea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak