Udal zergek %3,3ko igoera izango dute hurrengo urtean

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko urriaren 31

Udal zergak %3,3 igoko dira hurrengo urtean Oñatin. Horixe onartu da atzo, eguena, egindako urriko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin.

Aurreko urteetan moduan, udal zergei KPIaren igoera bera aplikatzea izan da Udal Gobernuaren proposamena: joan den urteko irailetik aurtengora, %3,3a. EH Bilduren Udal Gobernuak beharrezkoa ikusten du ordenantzetan KPIaren igoera jasotzea, herritarren beharrei erantzuteko beharrezkoak diren zerbitzuak mantentzeko, horiei lotutako kostuak ere gora egingo dutela jakitun. Alderdi jeltzaleak, baina, ezezkoa eman dio proposamen horri, uste duelako momentu egokia dela herritarrei zerga karga ez gehitzeko. Eta hiru arrazoi eman ditu erabaki hori argudiatzeko.

Udal Gobernuak adierazi du oposizioaren adostasuna jaso dutela Berdintasun, Hirigintza, Ongizate, Ogasun eta Kirol departamentu arlotik etorritako 15 proposamenetan eta horrek pozten dituela. Oposizioak egindako proposamenak aztertu dituztela gaineratu zuen eta  gehienak iazko berdinak direla esan, ezekoa emateko arrazoiak iazko berak direla esanez. Ez dute egoki ikusten, esaterako, Ondasun Higiezinen Gaineko zergan %50eko hobaria ezartzea auto elektrikoa kargatzeko gunea duten eraikinei; kiroldegiko tasak aplikatzeko adin muga dagoenetan uztearen alde agertu da Udal Gobernua, igo barik, eta berdin ikastaro eta matrikulen kasuan ere.  Trakzio mekanikoko ibilgailuen gainean EAJk egindako proposamena, berriz, ondo ikusi du Udal Gobernuak: ibilgailu historikoei eta 30 urtetik gorakoei %100eko hobaria aplikatzea dago jasota egun ordenantzetan, eta hobari hori historikoei aplikatzea bakarrik, izan da jeltzaleen proposamena jasangarritasunaren alde. 

Etxebizitzen inguruan, obra txikietarako 3.000 euroko gutxieneko tasa kentzea proposatu du EAJk baina Udal Gobernuak erantzun dio entzungor egin diotela berriz ere, gai hori ogasun batzordean landuta dutelako eta badakitelako aukera dagoela kopuru horretatik beherako aurrekontuen arabera zergapetzeko. Etxe hutsen gaineko %100eko errekargua kentzeko proposamena ez duela ulertzen esan zuen Udal Gobernuak, hori eginda etxebizitzaren arazoari irtenbiderik ez zaiola ematen esanda, eta jeltzaleek agintzen duten herri batzuetan aplikatzen dela gogorarazi zuen. EAJ, baina, gertu dago puntu hori kentzea besteak onartzen badira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak