Oñatiko Udalarekin hala hitzartua, San Martin Fundazioaren lursail batzuk erabiliko ditu Tokixan egitasmoak aurrerantzean. Debagoiena 2030 sareak duela bost urte abiatutako proiektua da Tokixan, elikadura burujabetza bultzatzeko helburuarekin sortutakoa. Gaur egun, egitasmo horren koordinazioan dihardu Ereindajan Bergarak, Biolurrek, Debagaraia LGEk, Oñatiko Udalak, Gizabideak eta Fagorrek osatutako talde eragileak.
Azken urteetan, jantokien hornitze sistema eta kudeaketa eraginkorra bultzatzeko lanketan ibili dira; adibidez, Bergarako Fagor Ederlaneko jangelan egin dute proba pilotua. Bide horretan, "jauzi bat" egin gura dutela azaldu du Dorleta Elkorobarrutiak, Tokixan eta Landa-garapeneko lehendakariak: "Jangela gehiagotara heldu nahi dugu, esaterako, ikastetxeetara edo egoitzetara. Gainera, elikadura kate guztiari begira gaudenez, ekoizleetara ere heldu nahi dugu, eta, horregatik, izugarrizko pausoa da lursail hauen lagapen hitzarmena".
Ekoizpenari heltzeko asmoz
Tokixan egitasmoaren ekoizpen adarraren abiapuntua, Zubillagako Erguina Etxeberri baserriko lurretan eta Usakoko lursailean kokatuko da. Bertan, batetik, ekoizpen proiektua jarriko dute martxan. Bestetik, test gune bat jarriko dute, sektorean lanean hasi gura duten nekazariei formakuntzarako aukera emateko. "Test guneak sektorea ezagutzeko aukera eta euren proiektua garatzen joateko aukera emango die nekazari berriei, eta, Tokixaneko ekoizleak haien bidelagun izango dira" argitu du Mikel Romanek, Tokixaneko koordinatzaileak.
Horrez gain, ikasturte osoa iraungo duen kurtsoa ere eskainiko dute, jarraipen eta babes sistema bat eskainiz. Azkenik, nekazariek etorkizunean proiektu eta instalazio berriak martxan jartzeko aukera izateko, hauei baliabideak eskainiko zaizkiela azaldu du Romanek.
2026an, Zubillagako lurretan bi ekoizle lanean izatea gura dute, eta, urtearen amaieran, ikastaroa abiatzea. 2027an, Usakoko lurretara zabalduko litzateke proiektua, beste ekoizle bat lantaldera gehituz.
Produktuen "zati bat" Oñatiarrendako
Ildo horretan, Izaro Elorza, Oñatiko Alkate eta San Martin Fundazioko lehendakariak nabarmendu du egitasmoak ekoizleentzako "baldintza duinak" sortzeko eta "epe luzean bertako produktuak eskura izateko" balioko duela. "Aurreko legealdian Oñatin tokiko elikadurari eta elikadura sistemei lotuta egindako azterketan identifikaturiko lau ekintza nagusietako biri heldu ahal izango diegu, test guneak eskaintzeari eta belaunaldi aldaketarako bitartekoak eskaintzeari" dio Elorzak.
Horrez gain, hitzarmen honekin, elikadura burujabetzan Oñatik erreferentzialtasuna irabazten duela ere azpimarratu du, izan ere, Tokixanek ekoitzitako produktuen zati bat herrian geldituko delako.
Azkenik, lehen sektoreko beste ekoizle batzuekin eta ganaduzaleekin elkarlanak egiteko asmoa ere badagoela aipatu du Elorzak: "Bai, bailara mailan eta baita herrira begira ere, abantaila asko izango duen egitasmoa izango dela uste dugu, eta, Oñatiko Udalak, hori bultzatu eta sustatuko du".
Baserria egonkortzeko lanak
Erguina Etxeberri baserriko lurrak ekoizpenerako egokitzearekin batera, baserria bera egonkortzeko lan batzuk egiteko asmoa ere badu San Martin Fundazioak. "Ondarearen zaintza ikuspegitik, ekintza garrantzitsua izango da" esan du Elorzak.
EAJk "gardentasuna" eskatu du
Bestalde, Oñatiko EAJk, Tokixan Elkarteak San Martin Fundazioaren bi lursail horiek erabiltzeko aurkeztutako proiekturi babesa eskaini dio. Tokiko garapenerako duen balioa eta agroekologiaren aldeko apustua interesgarria dela iritzita. Hala ere, "gardentasuna" eskatu dute San Martin Fundazioaren lurren lagapenean. "Lagapenak gardena izan behar du, alde bakoitzarentzako diren ordainak definituak egon behar dira, eta, garrantzitsuena, San Martin Fundazioak bere helburu sozialak betetzen jarraituko duela bermatu behar da" azaldu du Amaia Erostarbek, Oñatiko bozeramaile jeltzaleak.