Lau emanaldirekin datoz 47. Oñatiko Musikegunak

Koldo Zubia Salas 2025eko urriaren 28a

Iñaki Olalde, Batzordeburua eta Edurne Soraluze, Kultura Teknikaria, gaur, Santa Ana Udal Antzokian.

Azaroaren 9an hasita, hila amaitu bitarteko domeketan, musika klasikoa protagonista izango da Santa Ana Udal Antzokian. Lau emanaldi izango dira aurtengoan. Sustraien Matxinada, Doodem, Tanguedia Ensemble eta Entrequatre musika taldearen Ibilbide lana hain zuzen.

Badator musika klasikoa oinarri duen Oñatiko Musikegunak zikloaren 47 edizioa. Pianoa, biolina, biolontxeloa edo txistua bezalako instrumentuak entzun ahalko dira, azaroaren 9an hasita, lau domeketan zehar; 19:00etan, Santa Ana Udal Antzokian. 

Iñaki Olalde, Batzordeburuak eta Edurne Soraluze, Kultura Teknikariak, Musikegunetako programa aurkeztu dute gaur goizean. Olaldek azaldu duenez, "denetik entzun ahal izatea" eta "oreka" bilatu nahi izan dute aurtengoan: "Programa askotariko musikaz osatua geratu zaigula esan dezakegu, estilo eta instrumendu ezberdinak entzun ahal izango ditugu. Gure instrumentu klasikoa den txistutik hasi eta gitarra klasikoraino".

Lau emanaldi

Azaroaren 9an, Sustraien Matxinada, Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosaren proiektuarekin hasiko da Musikegunak Zikloa. Euskal musikariak dira biak; Mendizabal txistularia da, eta, Hermosa, Soinujolea. XXI. mendeko euskal musikaren "begirada iraultzailea" dakarte, tradizioa eta modernitatea uztartuz.

Bigarren emanaldia, Eñaut Zubizarreta Mendieta biolontxelo-jole aretxabaletarrak –Trigger izenarekin ezagun den artista– eskainiko du azaroaren 16an. Doodem izeneko bidaia proposatuko du, herriko musikak oinarri hartuta. Ikuskizunak, musikaz gain, dantza, narrazioa eta antzerkia ere uztartuko ditu. 

Azaroaren 23an, Tanguedia Ensenble taldeak, Astor Piazzolla (1921-1992) konpositore argentinarra omenduko du. Bere obrarik aipagarrienak joko dituzte, Naiara De La Puente akordeoiak, Joana Otxoa de Alaiza pianoak, Victor Parra biolinak eta Ivan Casado biolontxeloak osatutako laukoteak.

Azkenik, Entrequatre, lau gitarrak osatutako laukoteak, Ibilbide izeneko lana eskainiko du azaroaren 30ean. Berezitasun bezala, Aita Madina konpositore oñatiarraren bi obra taularatuko ditu taldeak.

Sarrerak salgai daude

Kontzertu guztiak domekan izango dira, 19:00etatik aurrera. Edurne Soraluzek azaldu du, kontzertu bakoitzeko sarrerak 7 euro balio dituela, eta, horrez gain, lau emanaldietara joan nahi duenarentzat 22 euroko bonua ere salgai dagoela. Sarrerak, Udal webgunean eta Txokolateixan erosi daitezke.

Azkenik, 47. Musikeguneko Zikloa antolatzeko erabili duten aurrekontua, 11.500 eurokoa izan dela argitu du Soraluzek. "Aurrekontuak barne hartzen ditu, artisten kontratazioa, karteldegia diseinatzea, banaketak eta inprimatze lanak" esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak