'Emozioak' kontzertu-denboraldia iragarri du Oñatiko Musika Bandak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025ko urr. 21a, 18:05

Sei kontzertuk osatuko dute Oñatiko Musika Bandaren Emozioak denboraldi berria,  azaroan hasi eta maiatzera arte izango dira kontzertuak; publiko guztiei zuzenduta, haurrengan eta gazteengan jarriko du arreta.

Oñatiko Musika Bandak (OMB) Emozioak izeneko kontzertu-denboraldi berria aurkeztu du, azaroan hasi eta maiatzera arte iraungo duena. Aitor Biain-Bidarte zuzendariaren gidaritzapean, 60 musikarik osatutako taldeak sei kontzertu emango ditu, hilero bat. Emozioak hizpide izanik, sei gai landuko dituzte: programa historikoa, klasikoa, zinema-kontzertua, euskal musika, musika antzeztua eta espazioko musika.

Kontzertu guztiak Zubikoako frontoian izango dira, 13:00etan. Sarrera gehienak dohainik izango dira, baina urtarrilaren 6ko eta martxoko kontzertuetan 3 euro ordaindu beharko da sarrera.

Denboraldi honek ikus-entzule guztiei irekitako eskaintza izan nahi du, baina bereziki haurrengan eta gazteengan jarri dute arreta, etorkizuneko entzuleak batu eta musikarekiko interesa pizteko asmoz. Horregatik, banda ez da bakarrik arituko, hainbat talde laguntzailek hartuko dute parte kontzertuetan, hala nola herriko Musika Eskolako ikasleek, banda gazteak eta gimnasia erritmikoko taldeak.

Banda, bizirik eta berrituta

Oñatiko Musika Bandak lau kide berri gehitu ditu aurten: tronpeta, klarinete, saxofoi tenor eta tuba jotzaileak, zehazki. Taldeak berritzen eta hazten jarraitzen duela azaldu dute antolatzaileek, Musika Eskolarekin duen elkarlanari esker. Azken urtean, bandaren jarduna nabarmena izan da kaleetan: hamahiru diana, hamahiru kontzertu, bost kalejira, prozesio bat eta dantzatzeko bat eskaini dituzte herrian zehar.

Emozioak denboraldiak, izenak dioen moduan, musika bidez emozioak biziaraztea du helburu, eta herriari zuzendutako egitasmo bat izaten jarraitzea: herritik eta herriarentzat sortua.

Denboraldiko kontzertuak

Hauek izango dira emango dituzten kontzertuak eta bakoitzean jorratuko den gai eta emozioa. 

  • Azaroaren 16an: Emozio nostalgikoak.
  • Abenduaren 21ean: Hator Hator 2025, Gabon kontzertua. 
  • Urtarrilaren 6an: Vienako emozioak.
  • Otsailean: Espazioko emozioak, gimnasia erritmikoko ikasleekin.
  • Martxoan: Emozio txikiak, kontzertu pedagogikoa, Ostomilla txotxongilo taldearekin.
  • Apirilean: Emozioak Zimmerrekin.
  • Maiatzean: Azken kontzertua, Maria Izaga abeslari aramaioarraren emanaldiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak