'Bestaldetik etorriak' liburua aurkeztu du Joxefe Diaz de Tuestak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urr. 17a, 20:46

Liburuko protagonistetako batzuk eta egilea, Oñatiko kultura etxean.

Gaixotasunagatik zein istripu bat izanagatik hilzorian egon diren hemeretzi oñatiar elkarrizketatu ditu Joxefe Diaz de Tuestak, eta euren testimonioak jaso ditu Bestaldetik etorriak liburuan. Jendetza batu da aurkezpen ekitaldian.

Kultura etxeko erakusketa gela lepo bete da Bestaldetik etorriak liburuaren aurkezpenean, eta Joxefe Diaz de Tuesta egilea pozarren azaldu da horregatik, esker mezuak ahoan dituela. "Banuen susmoa jendea etorriko zela eta, egia esan, jende asko batu da. Etorri diren gehienak, gainera, liburuaren parte dira, modu batean edo bestean", azaldu du.

Joxefe Diaz de Tuesta, liburuaren aurkezpenean, azalpenak ematen.

Liburuko hemeretzi protagonistek bi gauza dituzte amankomunean, egilearen esanetan: hilzorian egon izana eta oñatiarrak direla. "Guztiak egon dira ataka larrian eta bizirik irten dira. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zait guztiak oñatiarrak izatea ere. Gertuko jendearekin proiektu politak egin daitezkeela erakusten du honek". 

Protagonistetako bakoitzarekin egindako elkarrizketak dira liburuaren ardatza. "Haien kontakizuna hitzez hitz dago liburuan, ez dut aldaketarik egin. Gainera, haiek kontatutako moduan dago, lehen pertsonan, eta erregistroa ere mantenduta. Izan ere, oso artifiziala iruditzen zitzaidan oñatiar peto batek haren euskalkian kontatu eta gero euskara batuan idaztea, esaterako". 

Diaz de Tuesta argazkilaria da eta, nola ez, argazkiek ere pisu handia dute liburuan. "Argazkietan intentzio argi bat dago, nire gogoeta, idatzi ez dudana. Azken batean, argazkiek islatzen dute protagonistengan ikusten dudan hori. Bizitzeko gogoa transmititu didate guztiek eta, agian, hori izan beharko litzateke liburuaren titulua", nabarmendu du.

Askotariko testigantzak

Koldo Zumalde da liburuko protagonistetako bat, eta oso pozik geratu da emaitzarekin. "Joxefe artista bat da eta lan handi bat egin du. Momentu estu hartan bizi izan nuena kontatu nion eta zoragarri jaso ditu nik esandakoak".

Reyes Elorzarena da beste bizipen bat. "Konturatu orduko, teilatua gainera erori zitzaidan. Ospitalean iratzarri nintzenean, hainbeste denbora geldi egon ostean, sekulako bizkarreko mina nuen eta, buelta ematen hasten nintzenean, arnas barik geratzen nintzen". 

Zainketa intentsiboko unitatean bi hilabete egin zituen Miguel Angel Gomez Bobby-k., eta bihotza transplantatu zioten azkenean. "Medikuak garbi esan zidan. Hemendik bihotz berriarekin aterako zara, edo ez zara aterako".

Halako hemeretzi testigantza jasotzen dituen liburua Altuna estankoan, Haritza liburu-dendan eta Txokolateixan egongo da salgai, 35 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak