Eraberritze lanak egingo dituzte Gomiztegin

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urr. 9a, 14:26

Gomiztegin obrak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Hiru arlotan egingo ditu: Gomiztegiko eraikinean bertan, arditegian eta inguru osoa hartuta, efizientzia energetikoa lortzeko lanak ere bai.

Horrelaxe azaldu du obren ardura duen Hazi Fundazioko teknikari Amaia Garraztatzuk. Zehaztu du, zatika egingo dituztela lanak, Gomiztegiko erabilerak eta hango lanak kontutan hartuta. Adibidez, aurten, hemendik eta abendura bitartean, arditegiko lanekin hasiko dira. Mantenu lanak egingo dituzte gehienbat eta baita inbertsio plan bat ere horiek egiten jarraitu ahal izateko. Orain, atzeko ate handiak kendu eta berriak jarri eta teilatuko ur hodi batzuk aldatuko dituzte; konponketa lanak izango dira egingo dituztenak.

Eraikin nagusian egingo dituzten lanetako batzuk, berriz, egin dituzte dagoeneko; esaterako, teilatua konpondu dute. Eraikina bera eraberritzea izango da hurrengo pausua. Zer egin daitekeen aztertzen hasiko dira. Asmoa da datorren urtean egitea hori eta lanak 2027an hastea; hiruzpalau urte iraungo dute lan horiek.

Eta eraikinetako lan eta obra zuzenez gain, Gomiztegiko eremua osotasunean hartu eta energia eraginkorra eta berriztagarria erabilita efizientzia energetikoa lortzeko lanak ere egingo dituzte, bertan sortutako energia ahali eta gehien bertan erabiltzeko helburuarekin. Datorren urtean egingo dituzte lan horiek, eraikin nagusiko lanak hasterako bukatuta egoteko. Egun, gasoila, elektrizitatea eta pelleta dituzte energia iturri, duten kontsumoa zenbatekoa den neurtuko dute eta auditoria bat egin etorkizunera begira.

Joan den urtean, 2024an, Gomiztegiren titularitate osoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak Hazi Fundazioaren bitartez, hau da, frantziskotarrak edo beste erakunderik ez dira Gomiztegiko parte. Hala, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Gomiztegin bertan adierazi duen moduan, hobekuntza materialez gain, “Gomiztegik abeltzaintza-sektorearen erronkei modu arin, koordinatu eta eraginkorrean erantzuten jarraitzea” da Jaurlaritzaren asmoa, “erronkarik garrantzitsuena belaunaldien arteko erreleboa eta langile kualifikatuen beharra” dela azpimarratuz. 

Ikasturtearen hasieran, joan den astean, izan zen Barredo Gomizegin eta hantxe egin zituen adierazpenok. Obrek izango duten kostuari buruz, esan zuen 400.000 euro inbertitu direla teilatua birgaitzen eta datorren urteari begira, 704.000 euroko inbertsioak aurreikusten dituztela, energia-eraginkortasuna hobetzeko.

1997an sortu zen Gomiztegiko artzain-eskola. Ordutik 330 pertsonak hartu dute parte.

(Argazkiak: Goiena).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak